Top 14
Badirudi Biarritz hasi dela sasoiari tamaina hartzen
Zuri-gorriek oso norgehiagoka txukuna egin dute, eta Yachvili nabarmendu da beste behin ere.
BIARRITZ 25
STADE TOULOSAIN 20
Jon LEUNDA
Biarritzen jarraitzaileak aurpegia aldatzen hasi dira, izan ere, hasiera txarraren ostean, azkeneko bi jardunaldietan Stade Français eta Stade Toulosain menderatu dituzte, eta horrek gauzak asko aldatzen ditu. Atzo partida ona egin zuten, Tolosako taldeari aurre bikain eginez, baina berriro ere jokalari bat, Yachvili, nabarmendu zen gainerako guztien gainetik.
Partida bikain hasi zen etxekoentzat, izan ere, zazpigarren minutuan Coetzeek etxekoen lehen entsegua lortu zuen -arratsaldeko entsegu bakarra izan zen-. Gainera, ostikoarekin ere asmatu egin zuen Yachvilik. Aurretik kanpotarrek zigor kolpe bat gauzatu zuten, baina horri buelta eman eta aitzinetik ziren Agilerakoak.
Hortik aurrera, jaurtiketek sekulako garrantzia hartu zuten. Yachvili asmatzen ari zen behintzat eta beste bi lortu zituen; aldiz, atsedenera heldu aurretik, kanpotarrek gauzatutako entsegua lortu zuten. Atsedenean, 16 eta 10 zen aurretik Biarritz.
Bigarren zatian, Okzitaniako taldea indartsu atera zen, aurkaria estutu nahian, eta partidari buelta emateko gai izan zen. Hala, bigarren zatiaren erdian, partida irauli zuen Stadek gauzatutako entsegu bati esker; 19-20 aurreratu ziren kanpotarrak. Orduan heldu ziren urduritasunak, izan ere, Tolosak zailena egin zuen. Horiek horrela, kezka nagusitu zen harmailetan. Gehien behar zenean baina, Yachvili agertu zen gauzak bere lekuan jartzeko. Bi zigor kolpe gauzatu zituen, eta 25-20 jarri zuen markagailua.
Oraindik asko geratzen zen amaitzeko, eta Stade ahalegindu zen neurketa estutu eta markagailua iraultzen, baina Jean Michel Gonzalezek zuzentzen dituen mutilek sekulako lana egin zuten. Aitzinekoek ekin zioten presioa egiteari, eta gibelekoak ederki itxi zituzten zuloak; hala, kanpotarrek ezin izan zuten tarterik aurkitu. Gainera, zigorrik egin gabe eutsi zuten zuri-gorriek, eta azkenerako sekulako balioa duen garaipena erdiesteko modua egin zuten.