GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Izarrak, izarratuta!

Markel IRIZAR | Radio Shack taldeko txirrindularia

Montrealerako bidea trenez egiten ari ginela, idatzita neukan neure zutabetxoa. Kanadako egonaldiari buruzko kontu xelebreak, lasterketako gorabeherak eta bestelako aipamenak bilduta nituen. Baina, neure kontakizuna amaitzera nindoala, Fujik eta Egoik eroriko baten ondorioz lasterketa utzi behar izan dutela esan didate. Neure poz eta bizipoz guztiak popatik hartzera joan dira bat-batean, adiskide baten zorte txarrari buruzko abisua eman didatenean.

Orain dela bi urteko Vueltan, podiuma esku-eskura zuela, Igorrek lasterketa utzi behar izan zuen. 2009 zail bat pasa eta gero, berriz ere bere kirol maila ematera iritsi da Igor aurtengo denboraldian. Vuelta honetan inoiz baino koska bat gorago egon da, eta, izarren artean dir-dir egiten ari zenean, eroriko batek euskal zaleen ametsa izorratu du.

Batzuk izar batekin jaiotzen omen dira, eta, beste batzuk, aldiz, izarratuta. Igor izar bat izateko bidean da, eta, nahiz eta oraingoan ere patuak ez dion bere distirarik onena ematen utzi, egon zaitezte ziur: bueltatzen denean, inoiz baino indartsuagoa izango da bere argia.

Animo eta eutsi goiari, Igor! Montrealetik, hurren arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo