CCOOk eta UGTk Gobernuaren jarrerak gatazka soziala luzatuko duela uste dute
GARA |
COOO eta UGT sindikatuek uste dute Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernu espainiarreko presidentearen jarrera akats handia dela, lan erreformaren ardatzak eta erretiro adina luzatzeko egitasmoak aldatuko ez dituela adierazi baitu. Egoera ikusita sindikatuek «gatazka sozialari» eutsiko diotela ere ohartarazi zuten. Gainera, datorren irailaren 29an deitu duten grebak Gobernuaren asmoak aldatzeko balioko duela uste dute.
CCOOko eta UGTko idazkari nagusiek, Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez hurrenez hurren, Estatu espainiarreko Gazte Kontseiluak greba deialdiarekin bat egiteko deitutako ekitaldi batean parte hartu zuten atzo. Toxoren arabera, lan erreformaren eta Gobernuak bultzatutako gainontzeko neurrien ondorioz, langabezi tasak luzaro iraungo du %20ko mugaren gainetik. Grebaren ondoren «erreformak, politikak edo Gobernua» aldatuko direla ere ziurtatu zuen.
Mendezen arabera, grebaren ondoren «bizitza ez da berdina izango». Hala, protestek grebaren ostean ere jarraituko dutela aurreratu zuen. «Erretreta sistema aldatzeko planari eusten badiote, are okerrago izango da», gaineratu zuen. Bi sindikatuetako idazkari nagusien arabera, lan erreformarekin Zapaterok uko egin die enplegua sortzeko eta behin-behinekotasuna gutxitzeko helburuei. Gainera, Mendezen ustez, presidente espainiarrak, egin dituen adierazpenekin, «begiak itxi ditu akats itzel baten aurrean».
Fernandez Toxo CCOOko buruaren arabera, egindako adierazpenekin bere burua zuritu eta herritarrek greba deialdiarekin bat ez egitea lortu nahi du Zapaterok. Hala ere, Toxoren ustez, politika ezberdinak abian jar daitezkeela erakusteko egingo dute bat greba deialdiarekin herritarrek.