GARA > Idatzia > Kultura

Udazkenaren koloreekin batera helduko da Maulera ikasturteko programa kultural berria

Urteroko antzerki tailer arrakastatsuaz gain, irakurketa nahiz idazkera lantzeko ikastaroak ere egingo dira. Irailaren 25etik aurrera jarriko da abian «elitismotik urruntzen den aurtengo programa kulturala».

Kazeta.info | MAULE

Udazkena heltzearekin batera ekingo zaio Maulen, irailaren 25etik aurrera, ikasturteko programa kulturalari. Urtero bezala, aniztasuna bilatu dute sasoi honetarako, eta, horretarako, dantzak, kantuak, bertsolariak, bideoak, txotxongiloak edota pilota partidak eskainiko dituzte, besteak beste. Zuberotar guztien parte hartzea bilatzea helburu duen programa Sohüta eta Urdiñarbera ere zabalduko da aurtengoan.

Beatrice Lahargoue kultura zinegotziak «denboraldi berritzailea, gaztea eta suspergarria» bezala deskribatu zuen denboraldi artistikoa. Hain zuzen ere, «elitismotik urrunduriko proposamena» ekarri nahi izan dute antolatzaileek aurtengoan. Hori lortzeko, herriko antzinako ekintza kulturalekin batera, mundu osotik helduriko ekimenak ere eskainiko dituzte.

Izan ere, Herriko Etxearen asmo nagusienetakoa «kalitatezko ikusgarri profesionalak» landa giroan aurkeztea izango da. Horrek ez du alde batera uzten amateurren ekintzak ere sostengatzen jarraitzea. Horren erakusle, herritarrek egindako ikuskizun guztiek euren tokia izango dute bai sasoi kulturalean zehar bai antzerki festibalaren baitan.

Programaren zutoinak

Ikasturteko une nagusia, ohiko den bezala, «Maiatza eszenan» antzerki festibala izango da. Herriko Etxea eta Tokia konpainiaren artean antolatzen den ekimen honek lau festa egun eramateaz gain, 3.000 ikusle, txiki zein heldu, bertaratzen ditu Zuberoako hiriburura.

Kultura denboraldiko beste oinarrietako bat ikuslegoaren sentsibilizazioaren bidean eskaintzen den hezkuntza artistikoa da. Mauleko eskola eta ikastetxeekin elkarlanean, antzerki, bideo eta arte plastikoen sorkuntzarako programa jarri dute abian. Ekimen honen zutoin nagusia memoriaren gaiari lotuta izango da. Horrez gain, gai ezberdinei lotutako tailer ugari ere egingo dira, hala nola, antzerkiarekin, irakurketarekin eta idazkerarekin zerikusia dutenak.

«DENON ESKURA»

«Elitismotik urrunduriko proposamena» ekarri nahi izan dute antolatzaileek aurten. Horretarako, herriko antzinako ekintza kulturalekin batera, mundu osotik heldutako ekimenak ere eskainiko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo