GARA > Idatzia > Kultura

KRITIKA Euskal Kostaldeko Musikaldia

Orfeoiarentzat txalo zaparradak

Maite IDIRIN

Berrogeita hamar urte bete dituen Musikaldiari amaiera eman zion Bordeleko Orkestrak Donibane Lohizunen. Agertoki berean, Donostiako Orfeoia eta lau solista izan ziren Roberto Benziren gidaritzapean Beethovenen 9. Sinfonia interpretatzeko. Abeslari eta musikarien artean, 200 pertsona inguru bildu ziren oholtzan. 

Beethovenen buruan ezin sortuz egon omen zen 9. sinfoniaren proiektua 30 urte luzez. Bitartean, zortzi sinfonia eta beste hainbat obra konposatu zituen. Sinfonien artean sinfoniarik ezagunena dugu, Schillerren Oda kantatua oinarrian daramalarik. Europako erakundeen sinbolo ere bilakatua dugu. Entzumenerako Jai Alai pilotalekua egokiena ez bada ere, edukiera handiaren beharrak erabaki horretara eraman zituen antolatzaileak.

Lehen lau joaldiak orkestrak soilik emateko idatziak dira. Hasierako allegro ma non troppo joaldia aski dramatikoa da, Beethoven bera bezala. Bigarren joaldiak bizia baina dramatikoa izaten jarraitzen du. Hirugarrenak, adagio molto cantabilean, orkestraren interpretazioarekin gozatzeko begiak itxi eta horretan irauteko gogoa sortzen du. Laugarren joaldia presto da orkestrarentzat eta presto kantata solista eta koruarentzat. Baritonoa hasi zen ondotik orkestrak eta solistak poemaren errezitaldia egiten zutelarik. Eta guztien gainetik Donostiako Orfeoiaren parte hartze txundigarria heldu zen. Iparraldeko publikoa épaté (harri ta zur) utzi zuen atzokoan. Indarra, fintasuna, justutasuna erakutsi zuen interpretatzeko aski zaila den partituraren aurrean. Roberto Benzik zuzendutako orkestrak eta solistek profesional onak direla agertu zuten. Kantari solistak izan ziren, beharbada, kontzertuko ahulenak. Tenorea eta kontraltoa pasarte batzuetan eskas egon ziren. Beraien alde, akustika oso gogorra zela bakarlari lanetarako. Amaieran txaloak eta braboak denentzat, baina, bereziki, Orfeoiarentzat. Musikaldiaren lehen 50. urteurrena ongi ospatu eta gero, beste 50 urteren bila abiatzeko animoz ikusi genituen guztiak ere musu truk aritzen diren antolatzaileak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo