GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Marrazkiak aitzakia abantailarako

Bata ia hutsik; bestean sartzeko ilara luzea, norberaren txanda iristeko irrikaz, larri, inozokeria galanta egiten ari zarela jabetuta eta, hala ere, han, hutsik dagoenera sartzeko ausardia beste norbaitek izango ote duen esperoan. Bat-batean bi neskatila, bata bestearekin hitz jario ederrean, ingurura begiratu eta denak lepo beteta zegoen tokira sartzeko zain geundela ikusita, barrura lotsagabe eta bizkor. Ez zuten erreparatu atean jarritako iruditxoan edo, akaso, eurei ez zien axola gonatxoa edota galtzak zeramatzan ateko monigoteak. Total, eurak ere prakak jantzita zeuden.

Komunetik irtendakoan, oraindik ere atean zeuden sartzen ikusi zituzten gehienak, asko larriari eutsi ezinda. Gaztetxoek egindako bideari jarraitzeko ausardia hartu zuen orduan ilaran hurrena zegoenak. Mutilen eta nesken komunak bereiztu beharreko ohituraren inguruan hasi ginen hizketan, amorratuta eta, aldi berean, sakonean, lotsa apur batekin, gaztetxoak sartu arte pausoa emateko adorerik ez erakusteagatik. Nesken komunak giltzatuta egoten zireneko garaiak-eta oroitu genituen, eta nola orduan ere, txintxo, prakadunenera ez sartzeagatik, txintxo, zerbitzariari eskatzen zitzaion, tramiteak egin bitartean galtzetan pixa egiteko arrisku bizian egonda ere. Jaietan, komunik garbitu behar ez izateko, «izorratuta dago» atean itsasten duten tabernen inguruan ere aritu ginen madarikazioka behin abiadura hartuta.

Horretan ari ginela sartu zen mutil gazte bat komunean eta alboetara begiratu, «ez zaudete ederki» zioen begiradatxoa bota eta prakadunenen komunera hasi zen sartzen, lasai; pixak alde egingo ote dizun larriak piztutako kemenaz, atentzioa deitu zion batek, guztiak ere komunera joateko zain geundela esanez. «Baina hau `mutilena' da», hark. Eztabaidan hasteko unea ez zela ohartuta, atzera egin zuen. Akaso, onartu zuen gure arrazoia, ikusi zuen larria; abantaila izateko marrazki alu bat edo ohitura bat aitzakia hartzea ez dela oso burutsua jabetuko zen, agian. Komun atarian geundenak ere jabetu ginen ausardiaren balioaz, lehen pausoa emateak duen indarra... Irakaspena komuneko bonba bota orduko ez ahaztea, akaso, gakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo