GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Pello Aramaio Etxaburu Ondarroako preso ohia

Gure hitza, kartzelako giltza

Hauek dira gure ahotik ateratzen diren eta kartzelara eramaten gaituzten madarikaziozko hitzak: euskal nazio eraikuntzarako prozesu demokratikoa, normalizazio politikoa, bakerako plana, amnistia osoa, giza eskubideak aldarrikatzea... Hitz batean, demokrazia Euskal Herriarentzat

Izenburu honek hitz jokoa dirudi, baina ez, hori da gertatzen ari dena. Hainbat herritar eseriko dira akusatuen aulkian, epaiketa ezberdinetan, urte mordoxkako espetxe zigorra eskatzen dietelarik hitza erabiliz politika egiteagatik. Gure herriaren izate, nortasun eta izaera diluitu nahian dabiltza presaka, eta pentsaera bakarrera eraman nahi gaituzte abiadura handiz.

Franco hil osteko garai konstituzional honek emaitzak hauek ditu: 800 euskal preso politiko kartzeletan eta milaka iheslari munduan zehar. Ezinbestekoa zaigu egoera politiko-polizial-judizial honi demokratikoki aurre egitea, eta horretarako, estrategia bateratu baten beharra ikusten da alderdikeriak eta interes partikularrak albo batera utzita.

Bigarren eta hirugarren belaunaldiko faxismoaren aurrean gaude. Francok utzitako herentziari gogor eusten diote PSOEk eta PPk. Estatu eredu berbera defendatzen dute. Beraz, ez nuke esango frankismoaren itzulera denik, iraupena baizik.

Iraganera jo behar dut. Oraindik ere oso argi gogoratzen ditut Francoren garaiko epaiketa haiek. Burgosen alegia, epaiketa militarrak egiten ziren, gerra- kontseilu sumarisimoak deitzen zitzaienak, eta Madrilen oso famatua egin zen TOP, Tribunal del Orden Público delakoa, orain Auzitegi Nazionala (AN) deitzen zaio, lan bera egiten ari dena.

TOPen esaterako, epaitzeko erabiltzen zituzten prozesamenduko autoen hasierako testuak honela zioen gehienetan: «Existen indicios más que suficientes como para suponer que D. Fulano de Tal es miembro activo de la organización separatista terrorista...». Epaiketa gehienetan fiskalaren argudio salatzaile denak defentsak hankaz gora jartzen bazituen ere eta errudun egin zezakeen frogarik ezean, «elemento jurídico» batekin baliatzen ziren kartzelara bidaltzeko zigor osoa ezarriz, hau da: konbentzimendu morala.

Orain, berriz, ingeniaritza polizial-judizial baten aurrean gaude, asmakizunak. Gogora dakartzat Fernando Lopez Aguilar (PSOE) Justizia ministro ohiak bere funtzioetan ari zela esan zituen hitzak: «Si no existen pruebas, las fabricaremos si es necesario». Hauxe da errealitatea, eta ez kasualitatea.

Garai konstituzional honetan, juridikoki «demokrazia» deitzen dioten hori, herriaren aurkako etengabeko eraso bortitza bilakatu da. Ez du balio esatea modu baketsuan soilik eta demokratikoki nahi dugula politikagintzan aritu. Noiz, nola eta zeinek esaten duen, delitua da gure eskubide historikoak aldarrikatzea, nazio bat garela aitortzea, euskal presoei elkartasuna adieraztea... Ezker abertzaleak, bake eta normalizazio politikarako proposamenak mahai gainean jartzen dituen bakoitzean, are eta eraso polizial gehiago jasan izan ditu beti.

Oraindik bukatu gabeko 1936ko estatu-kolpea eta altxamendu militarraren ondorioek hor diraute. Beraiek hasi zuten gerra egoera berean gaude eta probokatzen jarraitzen dute bake prozesu demokratikorik izan ez dadin. Egoera polizial-militar batean bizi gara, gerrako legean. Hau guztia, juridikoki eutsiezina den eta funtsik ez duen «dena ETA da» tesi irreala erabiliz.

Alferrikakoa da, ordea, neurri polizialak eta penalak aplikatzea. Arazoa politikoa da eta konponbide demokratikoa behar du soilik, ez besterik. Espainiako Estatuari dagokionez, kalitate demokratikorik ez duela agerikoa da. Agortuta dagoen estatu eredu baten aurrean gaude. Krisi ekonomikoa, instituzionala, politikoa eta soziala. Eredu autonomikoak aspaldi egin zuen porrot. Beraien sistemari eusteko errepresiozko baliabide guztiak ari dira erabiltzen. Baina kontuz! Herri batek hitz egiten duenean, herriaren hitzak legea izan behar du demokrazia batean, eta ez oztopoa.

Egungo euskal auzia, beraz, hau da: Estatua/Nazionalismoa edo Konstituzioa/Askatasuna. Nazionalismoa edo abertzaletasunaren izatearen funtsa euskal nazioan datza eta ez autonomian edo erregionalismoan. Horretarako, lehenik, beharrezkoak zaizkio bere eskubide historikoak herri bezala aintzat hartzea. Gero gerokoak.

Espainiako Estatuak beti izan du bokazio kolonialista. Hori horrela, Konstituzioak bere kutsu, ukitu eta mehatxu militarra darama bere edukian. Jakin behar dugu Euskal Herriaren konkista (1512) eta ondorengo Espainiaren batasuna militarki egindako ondorioak direla, indarkeria bortitzak erabiliz herritarren borondatearen kontra. Egun, egoera horretan gaude, menpekotasunean bizi beharra eta beraien armen mehatxupean.

ETAz asko hitz egin da. Errealitatea da hilak eragin dituela. Heriotza denak tragediak dira edozein ikuspuntutik begiratuta. Ez dugu nahi horrelakorik. Indarkeria mota guztiak soberan daude, baina denak. Gai honetaz hipokrisia handia dago. Boteretik beti ekitea ETA fenomeno kriminal arrunt bat dela soilik, Euskal Herriaren errealitatea ukatzea da eta bere historia aldrebestea. Terrorismoa? Nork eragiten du terrorea eta, beraz, zein da terrorista? Zer arma mota maneiatu behar ditu? Arma berberak erabiliz ere, zergatik dira batzuk terroristak eta ez besteak? Historiari begiratuta, nor da erasoan ari dena eta nor defentsan?

Demokrazia eta indarkeria kontraesanean daudela esaten da. Helburu politikorik ezin dela lortu indarkeria erabiliz, «hitzaren» bitartez baizik. Agian arrazoia dute, hala izango da... Nola daiteke, beraz, beraien helburuak armen bidez lortu zituzten haien oinordekoek armen mehatxupean (Konstituzioa) eurenari eustea? Zergatik ez du gure hitzak leku izpirik ere egungo marko juridikoan? Orduan, zertarako balio du gure hitzak? Giltzapean sar gaitzaten? Beraz, hau da egoera: gure hitza, kartzelako giltza.

Gure mezua askatasunaren hitzak dira soilik. Hauek dira gure ahotik ateratzen diren eta kartzelara eramaten gaituzten madarikaziozko hitzak: euskal nazio eraikuntzarako prozesu demokratikoa, normalizazio politikoa, bakerako plana, gure eskubide historikoen berreskurapena, Euskal Herriak bere nortasun propioa izanik, herri bezala aintzat hartzea. Amnistia osoa. Giza eskubideak aldarrikatzea. Torturak salatzea. Autodeterminazio eta independentzia eskubidea. Hitz batean, demokrazia Euskal Herriarentzat.

Libre izateko jaio ginen, ez loturik eta menpean bizitzeko. Erasoak eraso eta oztopoak oztopo, eta denok giltzapen sartzen bagaituzte ere, bere horretan jarraituko dugu, Euskal Herriaren askatasunaren alde, gure arma bakarra hitza izanik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo