GARA > Idatzia > Mundua

Japoniako Alderdi Demokratikoak lehen ministroa aldatuko duen erabakiko du

Egun Japoniako Gobernuan dagoen alderdiak barne bozak egingo ditu gaur, Naoto Kan lehen ministroak karguari eusten dion edo haren ordez Ichiro Ozawa jarriko duten erabakitzeko. Bigarrenak irabaziz gero, urtebeteko epean, hirugarren lehen ministroa litzateke.

GARA

Japoniako Alderdi Demokratikoak gaur egingo ditu hauteskunde primarioak, Naoto Kan lehen ministroak karguan jarraituko duen edota berria izendatuko duten erabakitzeko. Urtebeteko epean hirugarren gobernu burua izango litzateke.

2009ko irailetik dago Alderdi Demokratikoa boterean, eta alderdi honetako 345.000 militanteek boza eman beharko dute presidentea hautatzeko, Japonian bat eginda baitaude gobernuaren eta estatuaren buruzagitza. Aldez aurretik argitaratu dituzten inkesten arabera, Kan egungo lehen ministroak abantaila txiki bat izango lukeen arren, herrialde honetan inor ez da ausartzen apustu egitera.

Ichiro Ozawa da aurkari bakarra, 68 urteko diputatu beteranoa. «Itzalpeko Shogun» ezizenez ezagutzen dute Ozawa, bigarren maila batean botere politikoaren dinamiken gainean duen kontrolagatik. Alderdiaren barruan goranzko joera duela dirudien arren, oso mugatua da gizartean duen babesa.

Bi politikariek ziurtatu dutenaren arabera, barne bozaldi horien emaitza edozein izanda ere, alderdiaren baitako batasuna mantendu egingo da. Haien erronka nagusia herrialdearen berpizkunde ekonomikoari bultzada bat ematea izango dela aitortu dute. Ozawaren ustez, yen-aren aldeko esku-sartze bat izan liteke irtenbidea, eta Kanek artean herrialdearen osasun fiskala zaintzea du helburu.

Kan, abantailaz

Inkesten arabera, 63 urteko Naoto Kanek boto-emaileen %70en babesa duen arren, ez dago batere garbi Alderdi Demokratikoko kideek zein norabidetan emango duten boza. Batez ere, ikusteke dago 411 diputatuek zein jarrera hartuko duten. Haien botoak, jokoan dauden 1.222 puntuen %70 irudikatzen dute.

Bertako hedabide batzuek atzo argitaratu zutenez, 30 eta 50 legegile artean zalantzan daude eta hautagaietako bakoitzak, gutxienez, 180 parlamentariren babesa ziurtatua izango luke.

Sistema konplexu batek Dietako senatari eta parlamentarien botoari puntu kopuru bikoitza esleitzen die eta, haien atzetik, eskualdeka dauden asanbladetako legegileak leudeke. Eskala horretan puntu kopuru baxuena, oinarri soziala osatzen duten militanteen bozei dagokie.

Naoto Kanek bere alde ditu zenbait faktore, hala nola herritarren gehiengoaren babesa eta beste gobernu aldaketa bat nahi ez izatea, bosgarrena litzatekeelako 4 urtetan. Ozawak buruzagi indartsuagoaren itxura duen arren, ez du arrakasta handirik gehiengoaren artean.

ASKE

Iragan irailaren 7an Japoniako agintariek atzeman zuten itsasontzi txinatarreko tripulatzaileak aske gelditu ziren atzo, baina kapitainak atxilotuta jarraitzen du. Tokiok eta Pekinek lurraldetasun gatazka dute zonalde hori dela-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo