GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Eoloren aurka

Markel IRIZAR | Radio Shack taldeko txirrindularia

Etxetik kanpo astebete pasa eta gero, neure zutabea idazteari ekin diot, berriz ere etxeko lasaitasunetik. Egia esan, etxetik 5.000 kilometrora beste lasterketa batean izateak eta jet lag-ak ekartzen dituen ajeak tarteko, Vueltatik deskonektatuta izan naiz.

Baina berriz ere hemen gara, eta, hortaz, Vueltako azken aste honetako kontuak idazteko prest natorkizue. Euskal txirrindularientzat izugarri ona izan da aurtengo itzuli hau, Igor Antonen erorikoaren arantzatxoa utzi digun arren. Bost etapa garaipenekin bete dute euskal txirrindulariek garaipenen zakua, sailkapen orokorra irabazi ahal izanaren sentsazioak pena puntu bat utzi badigu ere.

Erlojupeko saioa aztertu aurretik, Coto Belloko maldetan ikusi genuen ikuskizunari buruzko zertxobait aipatu nahi dut. Txetxu Rubiera Gaina izeneko maldetan gora, Euskaltel Euskadiko txirrindulariek izugarrizko erakustaldia eman zuten. Askotan, taldeburua falta denean taldea «umezurtz» gelditzen dela aipatu ohi dugu, baina laranjazko mutilek, estrategia bikain bat baliatuta, lan aparta eginda, omendu zituzten eroritako Egoi eta Igor.

Saralegi, Perurena, Barriola edo Bengoetxea bezalako izenekin erlazionatu ohi izan dugu betidanik Leitza, baina, oraingoan, txirrindulari batek eman dizkigu herria goi mailako kirolariekin lotzen jarraitzeko arrazoiak: Mikel Nievek. Gazteleraz «elurra» esan nahi duen abizena izan arren, elurtuta baino izoztuta utzi zituen bere arerioak Coto Belloko maldetan gora, eta, bide batez, itzuli honetako berri pozgarrienetarikoa eman zigun.

Maldetan gora, igotzaileek izaten dute abantaila txirrindulari astunekiko grabitate indarraren aurkako lehian. Aldiz, Eoloren aurkako borrokan, hau da, haizearen aurkako lehian, galtzaile irten ohi dira normalean igotzaileak.

Gaurkoan, Nibali zen faboritoa hasiera-hasieratik. Hala ere, oso momentu txarrean izan duen zulatu batek, itzulia irabazteko aukerak zapuztu dizkio ia-ia. Aldiz, azkenean, amaiezinak ziren zuzenguneak baliatuta, Puritori denbora asko sartu ahal izan dio haizearen aurkako lehian; hala, Puritok itzulia irabazteko zituen aukera guztiak galdu ditu. Ikusitakoak ikusita, argi dut sailkapen orokorra Ezequiel eta Nibaliren arteko gauza dela uneotan.

Denok dakigu maldetan gora gure gorputza mugitzea zenbat kostatzen zaigun, baina, gaurkoan, haizeak egiten duen «galga» lanak beste edozein egunetan baino diferentzia handiagoak utzi dizkigu.

Oraindik erabakitzear dagoen sailkapen orokorra, Bola del Mundoko etapan argituko da. Egun horretan, maldatzar horietan, Eolo handiak Newtonen legeari emango dio testigua berriz ere.

Ordura arte, ondo izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo