GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bakarrik edo aliantzan, Ipar Euskal Herriko kantonamendu guztietan izango da aukera ekologista

Arantxa MANTEROLA

Ipar Euskal Herriko indar politikoek ekin diote jada 2011ko udaberriko kantonamenduetako hauteskundeak prestatzeari. Horrela, atzo, Baionan, Europe Ecologiek eta Berdeek beren irizpide eta aurreikuspenak jakinarazi zituzten, Aitor Arandia jeltzale ohia lagun zutela.

Daniel Hegoburu Berdeen idazkari nagusiak estatu mailan alderdi berria eraikitzen ari direla adierazi zuen. 2009ko europar hauteskundeetan abian jarri eta joan den martxoko eskualdekoetan berriz aurkeztu zuten Europe Ecologie formulak «emaitza bikainak» izan zituela ikusita, oraindik izen finkoa ez duen alderdia sortuko dute azaroan.

«Berdeak eta beste esparruetatik (altermundialistak, gizartegintza, independenteak...) eratorritako jendearekin egindako indar-bilketak dagoeneko saihestezina den aukera ekologistaren indarberritzea ekarri du. Alderdi berria egitea izan da gehiengoaren aukera eta une honetan estatutuak aztertzen ari gara» esan zuen Hegoburuk.

PS edota AB bidelagun?

Kantonamenduetako bozetarako, beraz, bere lekua hartzeko prest daude. Hori bai, oraingoz beste indar ezkertiarrekin aliantzak egitea ere ez dute baztertzen.

Norabide horretan, ekainean PSrekin harremanetan jarri ziren, haien eskaeraz. Biak ala biak bat datoz hurrengo Kontseilu Nagusian, lehen aldiz, ezkerrak gehiengoa izan dezakeela aurreikusterakoan. «Kantonamendu bakoitzeko indar harremanak aztertu ostean, aliantza egiteko gure proposamena helarazi genien. Gure kalkuluen arabera ekologistok hautesleria potentzialaren %41 eta sozialistek %59 izango genuke. Hortaz, PSk sei kantonamendutan gidaritza izatea eta ekologistok gainerako lauetan planteatu genien, beraiek eskatu bezala, uztailaren 14a baino lehen», nabarmendu zuen Jean Lissar bozeramaileak.

Orain artean ez dute «inolako erantzunik» jaso, baina PS hasi da dagoeneko zenbait hautagaitza publikoki iragartzen. Hori ikusita, ez dute itxaropenik, lehen itzulian bederen, hautagaitza bateratuak aurkezteko. «Alta, bigarrenerako eta betiere adostu ditzakegun programen arabera, ikusiko dugu», gaineratu zuen Lissarrek.

Bestalde, europarretan bidelagun izan zuten ABren erantzunaren zain daude. Indar abertzalearen Batzarrak urriaren amaieran hartuko du bere erabakia hiru aukeren artean: ekologistekin, EH-Bairekin edo AB bezala aurkeztea, alegia.

Dena dela, ekologistek aliantzarik egitea lortuko ez balute, «hamar kantonamendutan hautagai propioak aurkezteko moduan» direla baieztatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo