GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira Munduko Txapelketa

Goiherrik brontzezko domina janzteko modua egin du

640 kilotan neurtuko da gaur Goiherri. Gaztedi, berriz, 600 kilotan arituko da.

Jon LEUNDA

Goiherrik brontzezko domina kolkoratuz ekin dio Lur Gaineko Munduko Txapelketari. Erandiokoak 580 kilotan neurtu ziren atzo eta, duela bi urte bezala, urrezkoa lortu ez bazuten ere, lan bikaina egin zuten.

Hogei talde lehiatu ziren bi multzotan banatuta, bakoitzean hamar zirela eta, Gohierriz gain, Goiherri B eta Gaztedi ere neurtu ziren. Ligaxka egin ostean, Erandioko lehen taldeak bakarrik lortu zuen finalerdietarako sailkatzea, izan ere, multzo bakoitzeko bi onenek lortzen baitzuten helburu hori.

Gaztedi eta Goiherri B taldeek ere lan ona egin zuten, baina ezin izan zuten lehen fase hau gainditu eta berdeak bakarrik geratu ziren domina lortzeko bide horretan.

Finalerdietan Suitzako talde baten aurka jokatu behar izan zuten, baina ezin izan zuten finalerako txartela eskuratu, eta brontzerako lehiarako geratu ziren. Beste finalerdian, Herbeheretako talde bat eta Boley Irlandako talde ospetsua, neurtu ziren, eta Herbeheretakoek lortu zuten finalerako txartela.

Hirugarren posturako lehian, beraz, Goiherri eta Boley neurtu ziren, baina lehia horretan garaipena euskaldunen aldera erori zen, eta brontzezko domina jantzi ahal izan zuten bizkaitarrek. Hala, domina bat gutxienez segurtatuta utzi zuten. Finalerako lehian Herbeheretakoek mendean hartu zituzten suitzarrak, eta haientzat izan zen urrezkoa. Suitzarrentzat, berriz, zilarrezko domina geratu zen.

Gaur izango dute euskaldunek azken aukera, kluben lehiaketa gaur amaituko delako, eta selekzioen mailan ez da Euskal Herria izango, ez baitiote uzten. Gaur, Gaztedi, 600 kiloko lehiaketa mistoan arituko da, eta Goiherri, 640ko mutilen lehiaketan.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo