Jesus Mari Mendizabal 2010/9/14 (EL DIARIO VASCO)
Buenos días
Gaurko nire hau denek entenditzeko modukoa duzu. Edozein zarela ere (euskaldun hizkuntza gutxi-asko dakiena, bistan da), lehenengoan eta primeran konprenituko didazu. Jarri, hortaz, zure begiak zutabetxo honi eta segi leitzen azkeneraino. Animo.
Egunkari honexek, Bidasoako aleetan, zekarren lehengoan notizia, Fermin Zarate batek Irunen jasotakoa. Orain urte batzuk gizon bat etorri zen Hondurastik. Geroztik hemen ari da lanean. Gaur bere alabarekin, eta alaba horren bost urteko alabatxoarekin, bizi da. Aitona. Irunen. Biloba txikiak eskolara hasi behar egunotan, eta amak ingelesa ikasten hastea nahi lehenbailehen. Aitona hondurastarrak, orduan, irmo eta firme: «Nire biloba euskaldunen lurrean dago. Eta lehendabizi egin behar duena da, gugandik dakien gaztelaniari lur honetako hizkuntza gehitu. Lur honek eman digulako jana eta bizi-aukera. Esker onekoa izaten erakutsi zidan kortesiak».
Honaino notizia Irundik. Entenditu duzu? Orain, mesedez, altxa itzazu begiak zutabe motx honen gainetik eta begira zure ingurura. Zenbat eta zenbat jende duzu auzoan, orain hogei-berrogei-hirurogei urte bertan jaioa (de casa vasca) edo kanpotik etorria (de casa dios), «egun on» sikiera esaten ikasi ez duena oraindik? Ezta kortesiaz ere. Hondurasko aitona euskaldunago da askoz. Eguna egunero buenosdiaska hasi beharra euskal lurrean. Euskal? Kaka zaharra... (...)