GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Gotzon Barandiaran Arteaga Idazlea

Demokraziarik gabe, giza eskubiderik ez

Odola gura zuen Aresek, odola gura zenuen zuk, odola gura zuten herritarron aurka oldartzeko bidali zenituzten poliziek. Eta guk lezioa eman genizuen. Gorrotoak, mendekuak, inposizioak eta argudio ezak itsututa zaudete

Demokraziarik gabe, giza eskubiderik ez dagoela esan duzula irakurri eta entzun dut, Patxi Lopez jauna. Hori berori da Adierazi EH ekimen herritarrak aldarrikatzen duena eta irailaren 11rako deitutako manifestazioan milaka eta milaka euskal herritarrek adierazi gura genuena. Euskal Herrian pertsona guztien giza eskubideak, eskubide zibilak eta eskubide politikoak bermatzen ez direlako ez dugu demokraziarik. Irailaren 11ko manifestazioan Euskal Herri osoko pertsona guztientzat eskubide horiek exijitu gura genituen eta zure alderdiak Adierazi EHren exijentzia debekatu izanak berretsi baino ez du egin zuk gobernatzen ei duzun lur honetan ez dagoela demokraziarik. Zuek eta ez beste inork, debekatu diguzue milaka eta milaka euskal herritarri manifestaziorako berezko dugun eskubidea, zuek eta ez beste inork ukatzen diozue demokrazia herri honi. Paradoxez eta inkonpatibilitateez ere ozen irakurri duzu idatzi dizuten diskurtsoa. Gatozen, bai, paradoxetara. Zu zeu, berbarako, EAEko lehendakaria zara milaka eta milaka euskal herritarri ezker abertzalearen proiektu politikoaren aldeko bozka ematea debekatu zenielako. Giza eskubideei buruzko nazioarteko mintegi batean lezioak ematen aritu zaren artean, bederatzi euskal herritar inkomunikatuta eduki dituzue, herritarrok legez aukeratutako 22 ordezkari politiko epaitzen ari zarete inolako froga barik, lan politikoa egiteagatik hainbat auzi abian dituzue, kondena beteta duten eta gaixo larriak dituzten pertsonak kartzeletan usteltzen, legez euren etxeetatik hurren dauden kartzeletan egon beharko luketenak milaka kilometrotara sakabanatuta. ETAk ekintza armaturik egingo ez duela esan eta zuek su-etenean ez zaudetela harro goratu. Alderdi demokratikoen eta jendartearen gehiengoa bat eginda zaudetela diozu eta Alternatiba, Aralar, ANV, Abertzaleen Batasuna, EA, ezker abertzalea, Hiru, ELA, ELB, LAB, EHNE. Euskal Herrian Euskaraz, Euskal Herriak Bere Eskola, Esait, STEE-EILAS, EHNE, ESK, Eskubideak Abokatuen Elkartea, Etxerat, Gazte Abertzaleak, Gazte Independentistak, GazteHerria, Giza Eskubideen Behatokia, Gurasoak elkartea, Iratzarri, Ikasle Abertzaleak, Bilgune Feminista, Elkartzen, Ahaztuak, ETX, Amnistiaren Aldeko Mugimendua, Salhaketa Bizkaia, GITE-IPES, Eguzki, Anitzak, Askapena, Lokarri, Gogoa, Bai Euskal Herriari, TAT, Gorripide, Lau Haizetara, Herria 2000 Eliza, Antikapitalistak, hainbat eragileetako 150 ordezkari eta Adierazi EHren webgunean atxikimendua adierazi zuten ehundaka herritarrek deitutako manifestazio baketsua izango zena debekatu duzue. Paradoxa eta inkonpatibilitatea elkarri mokoka.

Irailaren 11ko manifestazioaren argazkia Bloody Sunday haren antzekoa izatea gura zenuten. Odola gura zuen Aresek, odola gura zenuen zuk, odola gura zuten herritarron aurka oldartzeko bidali zenituzten poliziek. Eta guk lezioa eman genizuen. Gorrotoak, mendekuak, inposizioak eta argudio ezak itsututa zaudete. Gure bidea maitasunak argitzen du. Zuen debeku guztien gainetik, milaka eta milaka izango gara Adierazi EHk exijitzen dituen neurrien alde manifestatuko garenak, gaur ez bada, bihar eta, bihar ez bada, etzi. Ez gaituzue ez isilduko ez geldituko. Gure herria maite dugu, herrikideak maite ditugu eta eskubide guztiak guztiontzako bermatuko dituen egoera berria lortu arte ez dugu etsiko. Asteon ere, beste behin, zure alderdikide eta legebiltzarkide Oscar Rodriguezen ahotan errepikatu duzu, Jaurlaritzan zaudetenetik «azken hamar urteotako edozein momentutan baino lasaitasun handiagoa» dagoela. Iruzur horren ostean, «lehenbiziko egunetik lan egin dugu gogoz giroa lasaitzeko, krispazioa bukatzeko, frontismoa alboratzeko», bota diguzu Rodriguezen sinadurapean. Gutaz trufatzeaz gain, iraindu ere egiten gaituzue. Antidemokratikoak izango gara, anormalak, ziurrenik, baina tamainako gezurrak aurpegira harro botata engainatuko gaituzuela uste baduzue, hobe duzue karguak gatazka konpontzeko borondatea dutenen esku utzi, milaka eta milaka baikara aukera historiko hau galtzen uzteko prest ez gaudenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo