GARA > Idatzia > Euskal Herria

Autodeterminazio eskaerak Goierritik Euskal Herrira salto egingo du urrian

Eskozia bere etorkizuna erabakitzeko egitekoa den erreferenduma, «pasatzen utzi ezin den olatua» dela uste dute Nazioen Mundua ekimeneko kideek. Europa zaharrean autodeterminazio eskubidea gauzatzea posible dela erakutsi du Eskoziak eta, ildo horri eutsiz, Euskal Herrian sentsibilitate ezberdineko jendea bildu eta guztien artean erabakitze eskubidea aldarrikatzearen alde apustu egin dute herri ekimen honetako kideek.

p019_f02.jpg

Janire ARRONDO |

Duela hiru urte Idiazabalen jaio eta sendotu ondoren, autodeterminazioaren aldeko herri ekimenak Goierri osoan hedatzeko bidea hartu zuen udaberrian. Azken etapa hau Beasaingo Igartzan hasi zen, autodeterminazio eskubidea defendatzea oinarri zuen manifestua sinatuta; horren ondoren, Larraitzen aurkeztu zuten jendaurrean. Handik aurrera, Nazioen Mundua ekimena herriz herri zabaldu dute, lan taldeak osatu eta babes sinadurak jasoz. Orain, Euskal Herrira hedatzeko saltoa emateko prestatzen ari dira Nazioen Munduko kideak. Angel Oiarbide idiazabaldarrak eman dizkio GARAri ekimenaren asmo eta egitekoen nondik norakoak.

2007az geroztik, Idiazabalen herri kirolen inguruan biltzen hasi, eta autodeterminazioaren aldeko taldea osatu zuten. Hiru urte horietan, herrian sentsibilitate ezberdineko jendea bildu eta autodeterminazioa «naturaltasunez» aldarrikatzera iritsi dira. Luzea eta sakona izan da egindako lana, baina Oiarbidek argi ikusten du egin beharreko galdera: «Idiazabal 2.000 biztanleko herria izanda, gai izan bada eman dituen pausoak emateko, zer egin dezake eskualde batek?». Orain, berriz, eskualdetik Euskal Herrira egingo du salto ekimenak. Hala, irailaren amaiera eta urriaren hasiera bitarte kulturgintzako jende ezagunarekin, kirolariekin eta politikariekin argazki bana aterako dute. Asmoa, gizarteari «eskemak hautsiko» dizkion argazkia erakustea izango da eta «denon artean erabakitze eskubidearen alde egin daitekeela erakustea».

Oiarbideren hitzetan, euren asmoa ez da helburu politiko batekin lan egitea, oinarri demokratiko baten alde egitea baizik. Ekimeneko kideak dio ez zaiola ahaztuko Eskozian unionista bati entzundakoa; hark Erresuma Batuak erabakitzeko eskubidea ez ematea ez lukeela onartuko esan zion eta beraiek Eskozian egingo den erreferendumean independentziari ezezkoa ematearen alde lan egingo dutela, hala sinesten dutelako. «Joan gaitezen azken bidegurutzeraino batera, eta gero bakoitzak euts diezaiola bereari. Azken topagune hori da erabakitze eskubidea», zehaztu du Oiarbidek.

Ekimeneko kidearentzat «autodeterminazioa ez da gatazka, oinarri bat da». Hala, Eskozian aurten egingo duten erreferendumean begiak jarrita dituzte. «Tsunami politikoa gertatuko da Europa zaharrean, Eskoziak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea izango du», dio. Hori Oiarbiderentzat pasatzen utzi ezin daitekeen olatua izango da: «Olatu hori sortzean, gu, gizarte bezala, lo bagaude, olatua pasatu egingo da eta ez digu eragingo». Horregatik, gizarte bezala, kontzientziatuta eta sentsibilizatuta egonda, etorkizunaren jabe egiteko gai izango garela ikusten du Oiarbidek.

Unea iritsi delako, jaialdia Ordizian urriaren 16an

«Autodeterminazioa gauzatzeko unea iritsi da» goiburupean jaialdi erraldoia antolatu du Nazioen Mundua ekimenak Ordiziako Trevijano errugbi zelaian. Eskoziarrek protagonismo berezia izango dute egun horretan; egingo diren ekitaldietan bi herrialdeen arteko lotura bilatuko da. 70 lagun inguruko delegazioa hurbilduko da Eskoziatik Ordiziara; tartean SNPko parlamentariak, gaelikoaren kontseilariak, pailazoak, dantzariak zein musikariak. Eskoziako BCC telebista ere bertan izango da. Sorpresaz beterik iritsiko den arratsaldeko ekitaldi nazionalean parte hartuko dute. Egitaraua adin eta gustu guztien neurrira prestatuta dago. Goizean, Eskoziatik kanpora inoiz egin den eskoziar jokoen erakustaldirik handiena egingo da. Antolatzaileek «lehia historikoa» izango dela diote. Eguerdian bazkaria, eta arratsaldean Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek emanaldia eskainiko dute, Big Rory and Ochie the Dog pailazo eskoziarrekin, elkarrekin prestatutako emanaldia eskainiko dute. Bi herrialdeetako musikak fusionatuko ditu, berriz, Oreka TX musika taldeak. Gauean izango dira kontzertuak, eta bertan izango dira Berri Txarrak, Gose, Red Hot Chili Pipers, Grousebeater Sound System eta Trikizio, esaterako. J.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo