GARA > Idatzia > Ekonomia

LABek elkartasuna adierazi dio Greziako langileriari PAMEk antolatutako bilkuran

Europa osotik heldutako 50 bat sindikalistak eta Munduko Federazio Sindikaleko hainbat ordezkarik bat egin dute Atenasen, Greziako langileei elkartasuna adierazteko PAME sindikatuak antolatutako bilkuran.

p027_f02_148x104.jpg

GARA |

LABeko ordezkaritza bat Atenasen izan da, PAME sindikatuak antolatuta, Greziako langileriari elkartasuna adierazteko egin den biltzarrean parte hartzen. Bertan, Nazioarteko Harremanetako idazkari Igor Urrutikoetxeak, greziar langileen borrokarekin bat egiteaz gain, Euskal Herrian bizi den egoera ekonomikoa azaldu, eta iragan ekainaren 29an eta iaz egindako greba orokorren berri eman die parte hartu duten gainontzeko sindikatuetako kideei.

Ostiralean hasi eta atzo bukatu zen hitzorduan, Europa osotik heldutako 29 ordezkaritzak hartu zuen parte, baita PAME sindikatuko hainbat kidek eta Munduko Federazio Sindikaleko zenbait buruzagik, horien artean, George Mavrikos idazkari nagusia. Besteak beste, Galiziako CIG, Portugaleko CGTP, Zipreko PEO, Turkiako DISK eta TEK, Austriako OGB, Alemaniako IG Metall eta Estatu espainoleko Cobas sindikatuak izan dira Greziako hiriburuan.

Bilkuran, egungo egoera ekonomikoari buruz eztabaidatu eta Europar Batasuneko gobernuek hartu dituzten neurri atzerakoiak nabarmendu dituzte, hain zuzen, lan-eskubideen murrizketa, prestazioen gutxitzea, erretiroa hartzeko adinaren atzeratzea eta pribatizazioen hazkundea eragin dituzten neurriak. Ildo horretan, baloratu dute aipatu neurri horiek «burokrazia sindikalaren» babesa jaso dutela, beren aburuz, Europar Konfederazio Sindikalean aterpe duen burokraziak, hain zuzen, eta horiei aurre egiteko beharrezkotzat jo dute Europa mailako klase-sindikalismoaren borroka guztiak koordinatzea.

Mobilizazioen ezinbestekotasuna era agerian utzi dute Atenasko bilkuran, bai herrialde mailako mobilizazioak, baita Europa mailakoak ere. Eta baieztatu dute beren agenda propioa garatu behar dutela, Europar Konfederazio Sindikalak ezartzen duenaz aparte.

Euskal Herriko egoeraz, Urrutikoetxeak azaldu du langabezia tasa bi urtean bikoiztu egin dela eta litekeena dela hurrengo hiletan egoerak horrela jarraitzea. Lan arloko prekarietatea ere aipatu du LABeko kideak, eta horri aurre egiteko, sindikalismo soziopolitikoan sakontzea ezinbestekotzat jo du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo