GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA I Euskaltel-Euskadiko txirrindularia

Ekuazio bera baina emaitza ezberdina

Matematikako klaseak etorri zitzaizkidan burura atzoko etapan zehar. Espainiako Itzuli menditsu honetako azken etapa gogorrean postu asko zeuden jokoan eta dortsaletako zenbaki ezberdin askok nahi zuten izan ekuazio honetako partaide. Irten aurretik, autobusean egindako bileran, etapa erreginan emaitza ezin hobea eman zigun planteamendu berbera egin dugu, arbelean zirriborro berbera zegoen: Juanjo Oroz hasierako ihesaldian sartu; Nevacerradako aurreneko pasaldian Mikelek eta biok eraso egin eta, aurrekoekin bat egitean, etapa garaipenaren bila abiatzea itsu-itsuan.

Planteamendu polit hori gustatu zaie beste taldeei ere eta bere egin nahi izan du Katiushak Leongo mendian, baina ezin izan dute gauzatu. Guk gureari eutsiz Nevacerradako lehenengo igoerari itxoin genion eta, zalantza izpirik gabe, atzera begiratzeko betarik gabe eraso egin genuen, anai bikiak bagina legez, laranjaz jantzitako txikitxo biok elkarrekin.

Atzoko egunean ere nahi genuen erara atera zitzaigun estrategia eta tontorrean Orotzekin batera aldapa behera itsumustuan atera ginen aurrekoekin bat egin arte. Hala ere, iheskide asko batu zitzaizkigun eta aurrekoan ondo atera zitzaigunez, geuri utzi ziguten ardura osoa. Azken igoerara tarte txikiarekin heldu ginen eta etapa lehia horretarako saiakuntza egin genuen arren, ezin izan genuen emaitza berbera errepikatu.

Hala ere, matematika kontuez ari garenez, Mikel eta Juanjo taldekideei «10» bana jarri nahi diet egindako lanagatik, eta talde osoari orokorrean ere «bikain» bat emango nioke, egin dugun buelta aztertuta. Pena izan da sailkapen nagusia irabazteko hautagai nagusia zela erakutsi zigun Igor galdu izana. Ekuazio honetan alde negatiboa hau izan bada ere, balantze orokorra egin ondoren, emaitza positiboa atera zaigula uste dut; 3 etapa garaipen, postu politak eta ikuskizuna eskaini dugula uste dut.

Eta, atzokoan bezala, guztiek emaitza berbera ematen ez duten arren, ikasgai hau gainditu dugulakoan nago. 71 dortsaletik 79ra artekoak alde batera utziz, gainontzekoak aztertuz, Nibali eta Ezequiel Mosquera zoriondu nahi nituzke. Bataren sailkapen nagusiaren garaipenagatik eta bestearen etapa garaipen eta bigarren postuagatik. Biek ala biek merezi izan dute. Notarekin pasatu dugula ikusita, gaur Madrilen Koldoren garaipen batekin ohorezko matrikula lor dezakegun itxaropenez agurtzen zaituztet. Etxe inguruan ikusiko dugu elkar datozen egunotan!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo