GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Hitzak huts utzi, eta hotz!

Hasiak dira sasoikako langileak Arabara heltzen. Horietariko batzuk patata biltzen ari dira dagoeneko lursailik lursail, antipodetako fast-fooden batean plastikozko poltsetan frijitu antzera amaitzeko. Mahats-biltzean ari dira beste batzuk Ebrok ezkerrean oraindik duen bazterrean; zalantzan nago ni hauen soldata jatorrizko izendapenekoa izango ote den edo hainbat urte ez ote duen horrek egin beharko banku baten upel blindatu batean ganorazko soldata bihurtu arte, tartean diru hori Asiako hego-ekialdeko golf-zelaitzar baten inguruko higiezin-espekulazio batean beste batzuek inbertitua. Badira ere atez ateko atxiloketak egiten dihardutenak Arabaren inguruko lursail historikoetan, saltoki handiek baztertutako poltsak birziklatzen dituztela.

Tira, harira! Hainbat sasoikako langile bestelako lanetan daude egunotan landa zabal batean: lur-mokilak aldeko larrera botatzen; belar txarrak sustraitik moztu, bildu eta errauste-plantara bideratzen; belar onak kamusten soropilezko moketa itxura izan arte; ardi-babak eta bestelakoen gorotzak bildu eta lur-mokilak botatako larre berera gauez jaurtikitzen; basabitxilore transgenikoak han-hemenka lurrean indarrez sartzen, berez sortuak diren itxura hartuta; garai batean Bilboko kale nagusietan ziren kartoizko behiak han-hemenka ipintzen, basabitxiloreei begira dauden irudia eman dezaten; otsoak uxatzeko tresneria bazterretan kokatzen... Hori guztia eta gehiago ere, azkenean landa zelai bihurtu arte; marea biziak pasatuta ohikoa izaten den marea geldoen Alderdi Egunaren zain. Orduan bai, hamaika entzuteko gara! bertan izan gabe ere! Aparteko megafoniarik ez da egun horretan beharko, hain dira ozenak izango batzuen ahokoak! Orduan bai, dezibelioak zentibelio bihurtuta. «¡Es un día al año!» pentsatuko dute batzuek, zelai-minean. Baina hemeroteka lekuko, «Hitzak hutsean utzi ditzagun» izan liteke aurtengo leloa, berriro ere, benetan ardura diena zentralitatea baita, zentrokeria, jakinda ere, seguruenik, gaur gaurkoz zentroa beheko estatuaren hiriburuan dela, merkantzia matxuratuen sorleku nagusia bera. Egun horretan nazionalismo moderatu auto-izendatuaren bozeramailea, moderazioan erradikala, jantzi polarrez ageriko bide da oholtza gainean, oraindik ere ez baitu seguruenik gainditu erakundearen agiriak sortu zion hotzikara hura. Oholtzan bai, baina betegarriz betetako potoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo