ZINEMALDIA
Saturrarango emakumezkoen espetxeko bizipenak, fikzioan eta dokumentalean
Frankismo garaian jazotako era guztietako bortxaketen auziak ez du atsedenik izan azken mendeetan. Fusilamenduak, pentsaera politikoei lotutako espetxeratzeak, inpunitatez burututako hamaika ekinbide... Guztiak izan dira gogoratuak eta oroimenetik jasoak belaunaldiz belaunaldi. Urte askotan luzatu zen, ordea, Francoren altxamendua eta asko izan dira kasik isilpean gorde izan diren gertakizunak ere, Saturrarango espetxean bizitakoak, kasurako.
Ariane KAMIO |
Munduko hainbat gizartetan, emakumearen paperaren garrantzia goratzea izan da azken urteetako aipamen garrantzitsuenetako bat. Emakumeen borrokaren fruituetako bat izan da feminismoaren auzia mahai gainean jartzea eta historian zehar haiek egindako lanari merezitako onarpena ematea. Frankismoari eta gerra osteko urteei dagokienez, alabaina, emakumeari bigarren mailako papera egokitu izan zaio, oro har. Gizonezkoen fusilamenduak eta espetxeratzeak izan dira normalki garai haietako istorioen protagonistak, emakumeen jarduna itzalpean geratu den bitartean. Ehunka izango dira 36ko Gerran jazotako gertakarien inguruko kontakizunak eta beste hainbeste, ziurrenik, argitara atera ez direnak, edo jendartean gutxi batzuek ezagutzen dituztenak. Saturraranen gertatutakoak dira horietako batzuk.
Gerra garaian, Saturrarango bainuetxea hustuta zegoela, emakumeen lehenengo espetxea sorrarazi zuen leku berean Francoren erregimenak. Ehunka emakume bizi eta hil ziren bertan, baldintza txarrenen kontrako borroka etengabean. Eta, hori gutxi balitz, beren seme-alaben etorkizunaren beldur igaro zituzten urteak. Izan ere, Najera Vallejo komandante frankistaren pentsamoldeari jarraiki, komunismoa errotik akabatzeko irtenbideetako bat familia ezkertiarretan jaiotako haurrak eskuindarren artean heztea zen. Hala, espetxeratuta zeuden emakume askoren oinordekoak haien albotik kendu eta erregimenaren aldeko sendien etxeetara eraman zituzten, kasik azalpenik eman gabe.
Atzera begira
Zinemaldiak arreta berezia jarriko du aurten memoria historikoaren auzian. Hainbat film eta dokumentalen gai nagusia izango da 36ko Gerra eta hark emandakoa. Euskal Herrian sortutako bi filmek jorratuko dute, ordea, lehen pertsonan Saturraranen jazotakoa. Fikziozko lan batek («Izarren argia») eta dokumental batek («Debekatuta dago oroitzea») ezagutaraziko dituzte jendaurrean espetxe bilakatutako bainuetxe hartako paretek gordetzen dituzten lekukotasunak.
«Izarren argia», Mikel Rueda zuzendari gaztearen lehenengo film luzea da. Lan laburrekin ibilia den arren, Zinemaldian (gaur, 19.00etan, Kursaalen) erakutsiko du lehenengoz bere azken obra. Barbara Goenaga protagonista hartuta, Clara Badiola, Teresa Calo, Itziar Ituño, Sara Cozar, Estibaliz Gabilondo, Amaia Lizarralde, Aitor Beltran, Itziar Lazkano, Amagoia Lauzirika eta Itziar Insausti aktoreek Saturrarango kartzela hartan ehunka emakumek bizi izan zuten infernuko egunerokoa irudikatzen dute.
«Jendeari pentsarazteko» istorio bat sortzen saiatu da Mikel Rueda lan horretan. «Behin zinematik aterata, ikusitakoari buruzko gogoetak sorrarazi nahi ditut, eta helburua lortu izana espero dut», esan zion GARAri. Victoriaren (Barbara Goenaga) pertsonaian oinarritzen den kontakizuna den arren, «inguruan dituen emakumeen istorioek garai hartako egoeraren mosaiko bat osatzen dute». «Ikusleak urte haietako pentsamendu eta bizierak ezagutzeko aukera izango du, nahiz eta gaur egungoengandik oso urrun ez egon, eta emakume haiek bizi izan zutenera gerturatu», nabarmendu zuen.
Dozenaka aktoreekin lan egin behar izan du Ruedak «Izarren Argia»ren filmatzean. Film laburretara ohituta, pelikula horrek «izu apur bat» eman ziola onartu zuen. «Victoriaren pertsonaiaz gain, bere inguruan bizi diren beste hogeita bost emakume inguru behar nituen, baita espetxeko mojen papera beteko zuen jendea ere. Guztiek euskara erabat menperatzea ezinbestekoa zen eta, gainera, adin guztietako aktoreak behar nituen lanerako. Ezaugarri horiek betetzen zituzten profesionalak aurkituko ez nituen beldur nintzen, baina uste baino hobeto joan zaizkigu gauzak zentzu horretan», adierazi zuen.
Lekukotasunei esker
Txaber Larreategik eta Josu Martinezek bigarren urtez jarraian parte hartuko dute Zinemira sailean. Iaz, «Itsasoaren alaba» dokumentala aurkeztu zuten eta, aurtengoan, beste bi lanekin iritsiko dira Donostiara; «Sagarren denbora» eta «Debekatuta dago oroitzea», azken hori ere Saturraranen jazotakoei buruzkoa.
«Izarren argia»n ez bezala, Larreategik eta Martinezek Saturrarango espetxean preso egon ziren emakumeen testigantzak baliatu dituzte dokumentala osatzeko. Orain dela lau urte inguru hasi ziren lanean Martinez eta Larreategi proiektu honetan eta, finantzaketa arazoak medio, «erlojuaren kontrako borroka» bizi izan zutela nabarmendu zuen Martinezek. Izan ere, lekuko gehienek 90 urte baino gehiago zituzten, eta denbora horren buruan, heriotzak ere izan dira. «Orain ez badugu ezer argitaratzen, beranduegi izango da eta historia ez da ezagutuko», pentsatu zuten bere garaian bi zuzendariek.
Beren iritziz, istorio ezezaguna da Saturraranen gertatu zena. «Kontua ez da soilik memoria historikoa berreskuratzea eta gertakizunen berri ematea. Saturraranen aztarna fisikoak ere desagerrarazi egin ziren; 80ko hamarkadan, bainuetxearen eraikina bota egin zuten, eta ez da ezer geratzen».
Denborak bere bidea eginda, datorren asteazkenean estreinatuko dute dokumentala Zinemirako ekitaldi nagusiaren ondoren.