Biarritz abiada bizian ari da gorantz Itxako se sitúa líder tras vapulear a Rocasa
Jon LEUNDA I
Biarritzek hartu du bide ona, eta gorantz doa sekulako abiadan. Denboraldi hasieran kili-kolo ibili baldin bazen ere, atzo beste garaipen bat lortu zuen Arroxelan, 23-29, Stade Rochelaisen aurka.
Emaitzak estu samarra ematen baldin badu ere, garaipena lasai samarra izan zen, talde zuri-gorria askoz ere hobeto aritu baitzen partidan zehar, eta etxekoek azkeneko jokaldian entsegu bat gauzatu izan ez balute, alde handiagoarekin lortuko zuen garaipena euskal taldeak.
Lehen zatia nahikoa orekatua izan zen, baina bigarrengoan lapurtarrak askoz ere gehiago izan ziren, eta ongi merezitako garaipena erdietsi zuten.
Lakafiak eta Ngwenyak egin zituzten euskaldunen bi entseguak, eta Peyrelonguek eta Yachvilik gauzatu zituzten. Yachvilik hiru zigor-kolpe lortu zituen, eta bi Peyrelonguek, euskaldunak ostikoekin bikain dabiltzala erakutsiz. Berririk txarrena, jasotako entseguak izan ziren, neurketa kontrolpean izan arren, hiru jaso baitzituzten.
Gernika
Gernika Bizkaiak denboraldiko lehen garaipena erdietsi zuen atzo Alcobendasen zelaian, 9-15 irabazita. Jokoa ordea, ez zen ikusgarria izan, baina azkenean garaipena lortzea da helburua, eta hori lortu zuen talde bizkaitarrak, dagoeneko, lehen bi porroten ostean, urduritzen ere hasita baitzeuden.
Gassie frantziarra izan zen partidako protagonista nagusia, berak lortu baitzituen euskaldunen puntu guztiak bost zigor-kolpe gauzatu ostean. Garaipen honek lasaitasuna emango dio talde berde-beltzari, jokalari onak baititu.