GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Aktiboen onurak eta pasiboen malurak

EAJren eta PSOEren arteko azken negoziaketa arrakastatsua jeltzaleek noren interesak defenditzen dituzten jakiteko zantzu bat da. Izan ere, lan politika aktiboen transferentzia lortuta, lanerako prestakuntza, lanbide heziketa, lan ikuskaritza eta beste zenbait kontu kudeatuko ditu Gasteizko Gobernuak. Egia esan, orain dela 30 urte pasatxoko lege baten atal bat betetzea baino ez da, eta ekonomia edota autogobernuaren ikuspuntutik ez da oso esanguratsua; hala ere, EAJk interes berezia zuen fardel berean enpresarien kotizazioen hobarien kudeaketa Gasteizera ekartzea. Kontua da, alderdi hori oraindik orain lan erreforma sostengatu zuenetik, ni neu sumatzen hasita nengoela noren interesen alde egiten duen. Nolanahi ere, ondo geratu da. Herri honetan gauzak lortzen dituen bakarra EAJ da, eta ez edonola, akordio historikoen bidez baizik. Berdin dio zer, baina lortu lortzen ditu... konpromisoak behinik behin, aste honetan ekarri dituen opari horietako batzuk 1996an ere «lortu» baitzituen Aznarren Gobernuarengandik, gero PSOEren beste konpromiso batzuk bezala, ahanzturaren haizeak bizkor eraman zituen arren.

Eta politika aktiboen onurak ikusita, politika pasiboek eragiten dituzten arazoen adibide bat ikusiko dugu jarraian.

Aramaioko alkatea bere kargua betetzeko gaitasunik gabe utzi berri du epaitegi batek, udalerriko herritarrek egin zuten AHTren gaineko galdeketa eragozteko ezer ez egiteagatik. Haren jarrera pasiboagatik, alegia. Bere mutur aurrean, herritarren iritzia jakiteko bozketa, eta alkateak atzamarrik mugitu ere ez. Sekula halakorik!

Epaileak lasai asko esan zezakeen: «Agirre adolece de sentido democrático», horixe ondorioztatzen baita ebazpenetik... Bai, bai, irakurri nuen atzo txoko honetan Ikerren zutabea, jakinaren gainean nago adolecer ez dela carecer; hain zuzen, esan nahi dut, eta epailea bat etorriko da nirekin, Agirrek baduela sen demokratikoa... Baietz ba, badakit adolecer aditzak akats edo gabeziaren bat izatea esan nahi duela; hain zuzen, baina ez niri kargu hartu, hori esan epaileari, eta demokrazia akastzat jotzen duten guztiei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo