Idoia Ibero Urbieta Irakaslea
1985-2010eko Zinemaldia. Itxaropenerako garaiak
Nire testigantzak ez du bat egiten -beste askotan bezala- agintarien eta hedabideen bertsioarekin
Uda bukaeran oso ohikoak izan ohi dira jendeak egiten dituen birpasak eta ikasturte berrirako asmo berriak. Egia esan, beti egin izan dira; ziur naiz gutako gehienok lan horietakoren bati behin edo behin heldu izan diogula.
1985eko abuztu hartan AEK-k hirurogeikote bat elkartu zuen Gipuzkoako barnetegi batean euskara ikasteko. Herri anitzetakoak bildu ginen: lapurtar bat, nafarrak, Bartzelonako gizon bat eta giputzak ere bai. Egun haietan ikasitakoa eta bizi izandakoa oparoa eta aberatsa izan zen oso: argazki-nobela moduko bat, sanbartolomeak, Abaltzisketako jaiak... Hitz bakarrean, mundiala. Musika ere lagun izan genuen uda hartan; izan ere, RRV deiturikoaren hastapenak ziren: RIP, BAP, La Polla, Kortatu...
Tamalez, ikastaroak iraungitze-data zuen, eta hala, irailean nork bereari heldu zion: familiari, betiko lagunei, ohiko bizilekuari, ogibideari, ikasteari... Tira, egunerokotasunari. Taldeko neska batzuek, hala ere, barnetegian sorturiko harreman polita ez zuten eten nahi izan, eta Lapurdin bazkari goxoa antolatu ziguten. Bertan, jende gehiago ezagutu genuen; han bizitzera derrigorturiko hainbat herritar, hain zuzen ere.
Jakin badakigu gure herrian ospakizun batetik beste bat sortzea ia-ia legea dela. Eta halaxe egin genuen gutako batzuek. Handik egun batzuetara Urdiaingo zelaietan elkartu, eta egun batzuk pasatzera joan ginen Lapurdi aldera. Iritsi, eta segituan egin genuen topo lagunekin, baita ezagutzen ez genituen beste askorekin ere. Igandea zen, eta gaua iristeko askorik ez zen falta; dena den, oraindik nahasirik ikus zitezkeen hainbat eta hainbat pertsona: plaiatik zetozenak, goitizenez aurkeztu zizkiguten euskaldunak...
Lotarako toki bila genbiltzala, batzuek Baionara joatea proposatu zuten. Berandu zen baina eta, nekea ere handia zenez, ez joatea adostu genuen. Erabakia hartzen ari ginela, jaso genuen zeharo kolpatu gintuen berria. Baiona Ttipiko taberna batean lau euskal herritar akabatu berri zituen GALek.
Gau hartan ezin izan genuen begirik bildu. Nahikoa lan, berria irensten, ideiak txukuntzen eta elkarri adorea eta indarra ematen. Piztu genuen musika ez zen Urdiaingoa. Goiza iritsi zen, eta sekula ahaztuko ez dudan gizon batek tren-geltokira eraman gintuen, ahalik eta azkarren etxera gintezen.
Testigantza honen bitartez adierazi nahi dut geuk ere oroimena badugula; adierazi nahi dut minez baina harrotasunez ez dugula errealitatea ahaztu nahi.
Egun haietako Zinemaldia ez zen arrunta izan: jendea kalera atera zen protesta egitera, mina adieraztera, prentsari eta zinezaleei jakinaraztera zer gertatu zen Hotel Monbarren. Hortaz, nire testigantzak ez du bat egiten -beste askotan bezala- agintarien eta hedabideen bertsioarekin. Surio jauna, Euskal Herriaren historia ez da saldu nahi duzuen bezain arrosa. Inondik inora.
Ez nuke bukatu nahi betidanik baikorra izan naizela esateke, eta sinistuta nagoela hainbatek eta hainbatek egindako lan eskergak fruituak emanen dituela, berandu baino lehen. Ahalik eta azkarren izango ahal da!
Bukatzeko, atzera begirako hau baliatu nahi dut muxurik goxoenak bidaltzeko garai hartan ezaguturiko lagunei -aspaldian ikusi gabekoei, sasian jarraitzen dutenei, oraindik presondegietan dituztenei, baita tamalez gurekin berriz egongo ez direnei ere-. Izan ere, egun haietan bizitakoak erakutsi zidan lagun haien pertsona-kalitatea.