GARA > Idatzia > Mundua

Japoniak men egin behar izan die azkenik Txinaren presioei

Eskualdeko bi potentziek euren jabetza aldarrikatzen duten irla batzuetatik hurbil atxilotu zuen Txinako kapitain bat aske uztea erabaki du Japoniak. Txinaren presioa ez da makala, eta Japoniako sektore turistikoak sumatu du hori. Txikiak handiaren aurrean amore eman behar.

GARA |

Japoniak atxikita zuen arrantza-ontzi txinatar bateko kapitaina aske uztea erabaki du. Berria Okinawa irlako fiskal batek eman zuen, eta Kiodo agentziak eta beste hainbat hedabidek jaso zuten. Txinak hegazkin bat bidali zuen atzo Zhan Qixiong kapitaina etxeratzeko, bere atxiloketa «legez kontrakoa» zela berretsiz.

Auzi honek «Japoniako herriarengan eta Japonia eta Txinaren arteko harremanetan dituen ondorioak ikusita, kapitaina giltzapetuta mantentzeak ez duela zentzurik erabaki dugu», esan zuen Naha hiriko fiskal Toru Suzukik.

Txinak goi mailako harreman guztiak eten zituen Japoniarekin, eta txinatar ikasleek Japoniara egin ohi dituzten bisita turistikoak bertan behera utzi zituen. Txinako bisitarien kopuruak izugarrizko jaitsiera izan du azkenaldian, eta japoniar saltzaile eta ostalariek beren kezka azaldu dute.

Izan ere, Japoniak aurten espero dituen 10 milioi turistetatik asko txinatarrak dira, eta erosketetan diru gehien uzten dutenak dira gainera.

Txinako Pro-Health botika-entrepresa erraldoiak, esaterako, 10.000 langileei oparitu zien Japoniarako bisita, baina bertan behera utzi du ekimena. Japoniari ezer ez saltzeko mezuak ere zabaldu dira Txinako Internet sarean.

Japoniako Armadak Txinako arrantza-ontzi bat atzeman zuen irailaren 8an Txina Ekialdeko itsasoan, bi herrialdeek aldarrikatzen dituzten irla batzuetatik oso gertu.

Japoniarrek Senkaku irlak bezala ezagutzen dituzte. Txinatarrentzat Diaoyu irlak dira, eta Taiwan eta Okinawa arteko erdibidean daude. Irla horietan inor bizi ez bada ere, arrantzari dagokionez, oso aberatsak dira eta petrolio eta batez ere gas erreserbak daudela uste da.

ATXILOTUAK, TXINAN

Txinako Gobernuak lau japoniar atxilotu ditu azken egunetan, ustez Armadaren egoitzetara sartzeko legeak hausteagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo