GARA > Idatzia > Kultura

ZINEMALDIA

Txinatarrek barrenak hunkitzea lortu zuten lehiaren amaieran

Faborito argirik gabe ailegatu da Zinemaldiko lehia bukaerara, baina gaur, bazkalondoan, sarituen izenak jakinarazten dituztenean agian tartean egonen da txinatarren bat. Atzo jendeak Liu Haoren «Addicted to Love» nolako txalo zaparradaz eta atseginez hartu zuen ikusita, hori pentsa dezakegu. «Cerro Bayo» argentinarra ez zen hain gustukoa izan.

p050_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Liu Hao zuzendari txinatarrak Donostiako publikoa bereganatzea lortu zuen bere bi pertsonaia protagonistekin. Fabrikatik erretiratutako Pop zaharrak aurpegi ahaztezin bat ikusi du egun batean merkatuan, bere lehenbiziko maitea da, Li Ying. Honi alzheimerraren lehenbiziko aztarnak agertzen hasi zaizkio eta Popek galdera eta ariketa xelebreekin laguntzen dio burua erne edukitzen. Zahartzaroko maitasun istorio berezia eta ederra osatzen dute bien artean, «Addicted to Love», umorez eta poesiaz jantzia.

Hurbileko gaia landu du zuzendariak, amatxirekin bizi izan baitzen gaztetan, zazpi urte zituenetik, eta esperientzia horrek jende heldu anitzekin harremana izateko aukera eman baitzion. Ezagutu zituen pertsonen artean gizon nagusi batzuk ikusi zituen, maiz izkina batean jarrita egoten zirenak, lasai, itxuraz gauza handirik egin gabe. Baina pentsatu zuen: «Zergatik izan behar dute guztiek halakoak? Eurek ere badute beren harrotasuna eta defendatu egin behar dute». Hortxe daude atzo Donostian aurkeztu zuen istorioaren sustraiak.

Orain dela bi urte, lagun batek 92 urteko bere aitatxiri buruzko kontuak kontatu zizkion. Bertze gauza ugariren artean, erran zion Kentucky Fried Chicken jatetxeetara oilaskoa jatera joatea maite zuela, Popek bezala.

Ez bera ez Li ez dituzte aktore profesionalek interpretatzen -bi aktore profesionalek bakarrik parte hartzen dute pelikulan eta suhiaren eta alabaren papera egiten dute-. Gainera, prentsaurrekoan jakinarazi zutenez, aktore nagusiek, Niu En Pu-k eta Jiang Mei Hua-k, beren egiazko biziak azaltzen dituzte. Gizona fabrikatik erretiratua dago eta kultura du zaletasun. Emakumea, aldiz, filmean agertzen den inguru berean bizi da, Pekin ekialdean, eta alzheimerraren sintomak ditu. Argazki-denda batean aritzen zen erretiratu aitzinetik.

Filmatzen hasi baino hilabete eta erdi lehenago izan zuten zinemagileek lehenbiziko harremana aktoreekin. «Haiekin hizketan aritu ginen, bien artean feeling hori sortzeko», oroitarazi zuen zuzendariak. «Filmazioaren bigarren egunetik hartu genituen ezusteak beren antzezpenekin. 60 pertsonatik gora egoten ginen eta txalo jotzen genien. Hain ongi antzezten zuten!».

Herrialdearen egoera islatzen da Liu Haoren zintan (gizartea zein abiada bizian doan, gazteen langabezia...), gizartearen unitate txikienak du garrantzia, ordea, familiak. «Inguruak eragina du eurengan, bai, baina nik aitaren eta seme-alaben arteko harremanean jarri dut arreta, familia nola dagoen erakusten saiatu naiz».

Aitatxi-amatxien bizimodua ezagutuko du pelikula hau ikustera animatzen denak, eta pertsona helduak nola zaintzen ditugun hausnartuko du, hori dena eszena hunkigarriak eta irrigarriak tartekatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo