Hori al zen errenta handiei zergak igotzea?
Gobernu espainolak defizit publikoari aurre egiteko hartu zituen neurri guztiak norabide berekoak izan ziren: pentsioen erreforma eta beste murrizketa batzuk, zeharkako zergen igoera, lan erreforma... Oraindik orain kontrako norabidekoa balitz bezala aurkeztu zutenak, ordea, adarjotzea dirudi, atzo Gobernuko lehen presidenteorde Maria Teresa Fernandez de la Vegak iragarri zuenaren arabera. Bi ministrok errenta handiei PFEZa igotzeko komenientziaren inguruan ikuskizun bitxia eskaini ondoren, haietako batek, Ekonomia ministro Elena Salgadok, hain zuzen, baietz esan zuen, igoera ezarriko zutela, baita hedabideren batek igoeraren zenbatekoa iragarri ere. Gobernu horrek ohikoa duen propaganda saioa zirudien; hala ere, atzo Ministroen Kontseiluak onartu zuen aurrekontu orokorren egitasmoak benetako adarjotzea dela erakutsi du. Zerga igoerak ez ditu kapitalaren errentak ukituko, esate baterako, ondare zerga edo sozietateen gaineko zerga, eta errenta handien zerga igoera iragarritakoa baino are txikiagoa izango da: 120.000 eurotik gorako soldata jasotzen dutenek puntu bateko igoera izango dute, eta 175.000 eurotik gorakoa jasotzen dutenek, berriz, %2koa. Hori zailtasunei denen artean aurre egitea, edo aberastasuna banatzea, dela esatea baino ez zaie falta.