Lehenengo ikastoletako guraso aitzindariak omenduko dituzte
Garai zailetan euskararen aldeko apustua egin zuten gurasoek, eta ausart jokatu zuten, eurek gehien maitatzen zutena, seme-alabak, legearen babesik ez zuten eskoletara bidaltzen. Guraso horiei esker daude bizirik ikastolak, eta omenaldia egingo diete gaur.
Nagore BELASTEGI
XIX. mendean Euskal Herria elebiduntzeko tresna gisa erabili zen eskola, baina euskarazko hezkuntzaren lehen pausoak XX. mende hasierara arte ez ziren iritsi. Lehenengo ikastola Donostian sortu zen, eta horren izaerari jarraituz, Euskal Herri osoan gehiago sortu ziren.
Gerra Zibilak jende ugari desagerrarazi zuen, baita ikastolak ere. Halere, euskararen alde arriskatzeko prest zeuden irakasle eta guraso multzo bati esker, isilpean, norbanakoen etxeetan, euskarazko eskolak ematen hasi ziren. Andereñoez gain, gurasoek ere lan handia egin behar izan zuten, euren seme-alabak legeak onartzen ez zituen eskoletara bidaltzen baitzituzten. Batzuek ez zuten presioa jasan eta haurrak erdal eskoletara eraman zituzten. Beste batzuek, ordea, euskal hezkuntzaren aldeko apustua egin zuten.
1960ko hamarkadan ikastolak pixkanaka Euskal Herri osora hedatzen joan ziren, eta bertara bidaltzen zituzten euren seme-alabak guraso askok. Alabaina sei urtetik gorako haurrek hezkuntza legala lortzeko eskola-kartillak behar zituzten, eta ikastolek ez zituzten eskuratzen. Gauzak horrela, oso garrantzitsua izan zen bestelako eskolek emandako laguntza, kasu askotan haurrak bertan matrikulatuta baleude bezala egiten baitzieten kartilla. 1970eko hamarkadan, frankismoa gainbeheran zela, oztopoak gainditu eta legalizazioa lortu zuten ikastolek. Hortik aurrera egoerak hobera egin zuen, neurri handi batean gurasoek egindako lanagatik.
Egun, Euskal Herriko lurraldeen arabera egoera desberdina da. Nafarroan dute egoera traketsena, boterean dagoen Gobernuak euskaraz ikasteko eskubideari etengabe oztopoak jartzen baitizkio. Hala ere, gurasoek, frankismo garaian bezala, lanean jarraitzen dute euren umeek euskarazko kalitatezko hezkuntza jaso dezaten.
Gaur, iraganean borroka egin zuten guraso aitzindariei eta omenaldia egingo diete, egun bizi-bizirik diren ikastolen garapenean duela hiru urte omendu zituzten irakasleak bezain garrantzitsuak izan baitziren. Ekitaldia Gasteizko Ibaiondo auzoko gizarte etxeko antzokian egingo dute, goizeko hamaiketan.