«Ahal bezala atera genuen ikastola aurrera, baina ez zegoen segurtasunik»
Nola sortu zen Etxarriko ikastola?
Jendearekin harremanetan jarri ginen, lana ez baitzen erraza. Beste guraso gazteekin elkartuz joan ginen pixkanaka eta 1969an Etxarriko ikastola sortzea lortu genuen.
Eskolak emateko zein zailtasun zenituzten?
Hasieran 12 ikasle ziren, beraz, irakasle batekin nahikoa zen. Gela bakar batean sartzen ziren denak. Gero, pixkanaka, ikasle gehiago matrikulatzen hasi ziren. Irakasleekin genuen arazoa beste kontu bat zen, eskola emateko titulurik ez zutelako. Ahal bezala atera genuen ikastola aurrera, baina beti airean zegoen dena. Ez zegoen segurtasunik, eta eskola-kartilla eskuratzeko zailtasunaren ondorioz beldurrez ibiltzen ginen gurasoak. Hala eta guztiz ere, gehienok proiektuari eutsi genion.
Klandestinoa al zen ikastola?
Ikastola ez zen ofiziala, baina ez ginen ezkutuka ibiltzen. Lokal bat hartu eta prestatu behar izan genuen, eta hori izan zen zailena.
Zaila izan al zen aurrera egitea?
Lan handia egin behar izan genuen, hasieran etxabe bat besterik ez genuelako. Gurasook dena garbitu eta txukundu genuen, dirua jarri genuen, eta gero taberna batzuek eta gazte taldeek ere laguntza eskaini ziguten.
Nola ikusten duzu orain euskararen egoera Nafarroan?
Lotsagarria da gaur egun UPNk Nafarroan ezarri duen egoera. Vascofona, no vascofona... kontua da oztopoak jartzea! Etengabe erakusten dute euskararen kontra duten borondatea. Orain ere gurasoak gogor ari dira lanean, dituzten oztopoak gainditu nahian. Gobernuaren indarraren kontra ezin da ezer egin, baina gurasoek borrokan jarraituko dute. Euskararen etorkizuna, poliki, baina ari da aurrera. 12 haurrekin hasi ginen ikastolan eta orain 450 inguru dira, eta hori oso pozgarria da.