GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Frankismo amaiera aldera herri bateko ikastola ez zen Francok zuen arazorik larriena»

p020_f02_059x121.jpg

Josu Martitegi 60 urte (GERNIKA)

Nolatan egin zenuten ikastolaren aldeko apustua?

Emazteak eta nik argi genuen gure seme-alabak ikastolara joango zirela, euskaldunak izatea nahi genuelako. Orduan ikastola zen euskara irakasten zen ikastetxe bakarra, eta ez genuen dudarik izan 1976an haurrak bertara bidaltzeko orduan.

Frankismo garaian nola egin zenuten aurrera?

Ordurako frankismoa azken pausoak ematen ari zen eta herri bateko ikastola ez zen erregimen harentzat arazorik larriena, arrisku handiagoak baitzeuden Francorentzat. Beraz, ez genuen trabarik izan, baina euskara eta kultur arloa nahiko geldi zeuden.

Nola zegoen antolatuta Gernikako ikastola?

Guk haurrak ikastolara bidali genituenean jada sortua zegoen. Seber Altube ikastetxea abadeena zen, eta bertan batxilergoa egiteko aukera zegoen. Gernikako beste ikastolan zegoen haur eskola. Guztira 80 edo 90 haur zeuden, baina banatuta. Baliabideak eskasak ziren, eta ez zegoen haurrak jarraitzeko biderik. Gernikan mojen ikastetxe bat zegoen eta gurasoen helburua ikastolarekin batzea zen. 1977an udaletxe demokratikoa osatu zen Gernikan eta eskatuz lortu genuen bi ikastetxeak elkarlanean ibiltzea. Zaila izan zen bien lanak bateratzea, baina aurrera atera ziren. Irakasleak bi zentroetan zeuden eta hortik aurrera pixkanaka egoera hobetuz joan zen.

Zure ustez, zein da ikastolen etorkizuna?

Orain dela 10-12 urte ikastolak sektore publikora eramateko mugimendua piztu zen, ikastola Euskal Herriko hezkuntza sare publikoa izateko. Horretarako, gizartea euskalduna izan behar da, eta hori ez dator bat PSOE eta PPren asmoarekin. Nire ustez, ez da oso garai ona ikastolentzat. Sektore publikoak ez badu borroka egiten, ez dute aurrera egingo. Hedabideek gure hizkuntza bultzatzen lagundu behar dute, haurrek telebista ikusten ere euskara ikas dezaten. Bestela, etorkizuna hankamotz ikusten dut.