«Gehiengoa artikulatzeko» gogoeta egingo du ezker abertzaleak Gipuzkoan
Honakoa «arduraz» jokatzeko garaia dela iritzita, ezker abertzaleak gogoeta estrategiko batean parte hartzera deitu ditu Gipuzkoako gainerako eragile politiko, sozial eta sindikalak; «aldaketaren motorra» izan behar lukeen gehiengoa artikulatzea helburu.
Oihana LLORENTE
Herrialdeko hegemonia eta aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko aukera jokoan daudela iritzita, «gehiengo aurrerakoi eta abertzalea artikulatzeko ordua» iritsi dela deritzo Gipuzkoako ezker abertzaleak. Hori gauzatzeko gainera, gogoeta estrategiko bat egitera gonbidatu ditu herrialdeko eragile politiko, sozial eta sindikalak; «Gipuzkoak beharrezkoa duen aldaketa politiko eta sozialerako edukien baitako adostasunak bilatzeko», argitu zuen Idoia Aiastuik atzo Donostian eskainitako agerraldian.
Datozen asteetan aipatutako eragileekin harremanetan jarriko direla ohartarazi zuten ezker abertzaleko ordezkariek eta honakoa «une historikoa» dela guztiz sinestuta, «alderdi interesen gainetik, ausardiaz, erantzukizunez eta konpromisoz» jokatzera deitu zituzten gainerako eragileak.
Bergara, Hernani eta Pasaiako alkateekin batera, hamaika herritako zinegotziak bildu ziren agerraldian, bai eta Karmele Aierbe, Iñigo Balda eta Idoia Ibero militante ezagunak ere. Gogor deitoratu zuten guztiek EAJk azken hiru hamarkadetan egindako kudeaketa eta bidegurutze historiko orotan «boterearen eta poltsikoak betetzearen truke, herri honen askatasun nahia itotzen» ahalegindu izana kritikatu zuten.
Kudeaketa horren adibide gisa, gipuzkoarren diru eta interesak «Gipuzkoa Aurrera gisako lobby-en esku uztea» edo zerbitzu publikoen muturreko pribatizazioa aipatu zituzten.
EAJk ordezkatzen duen ereduak ordea, «etorkizunik ez» duela uste dute ezkertiar eta abertzaleek eta horren gako, besteak beste, «ezker abertzalearen urteetako borrokaren ondorioz egungo markoa politikoki agortzera eraman» izana aipatu zuten
Alderdien Legea dela-eta gainera, indar korrelazioaren argazkia «desitxuratuta» dagoela salatu zuten, ezker abertzaleak argi baitu Gipuzkoan aldaketa politiko eta sozialaren alde daudenak gehiengoa direla. Kapital horrek «aldaketaren motorra» izan behar duela adierazi zuten Donostian eskainitako agerraldian, eta horretarako abiaraziko dute gogoeta estrategikoa.
Kazetarien galderei erantzunez, gogoetak hauteskunde kutsurik ez duela nabarmendu zuten eta benetako xedea Gipuz- koak beharrezkoa duen aldaketa egikaritzea dela defendatu zuen Aiastuik.
«Urte politiko berriarekin bat, aukera berriak sortu dira, iraganeko inposizioa eta zapalkuntza gainditzeko aukera eta gatazka gainditu eta euskal Estatua eraikitzeko beta».