GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herensugea jaitsi da Irurako sanmigelei hasiera ematera

Badira Iruran ezin galduzko bi ohitura; batetik, sokadantza eta, bestetik, festen hasiera iragartzen duen herensugearen jaitsiera. Atzo arratsaldeko zazpietan jaurti zuten suziriaz hasi zituzten hurrengo igandera arte iraungo duten jaiak. Canovelleseko dantza taldearen bisita eta erretiratuen elkartearen 25. urteurrena ere izango dituzte aurtengo egitarauan.

I.A

Gogotsu hasi zuten atzo jaia Iruran. Egun mordoa dituzte aurretik, urriaren 10era arte ibiliko baitira parrandan. Hala ere, tartean atseden egunak ere izango dituzte, hala nola datorren astearte eta ostegunean sanmigelak tregoa eskainiko diete herritarrei.

19.00ak puntu-puntuan zirenean, txupinazoak eztanda egin, eta honekin batera herensugeak herriko txikienak izutu zituen jaitsieran. Ehunzango perkusio taldeak musikaz jantzi zuen herria eta Bonberenea txarangarekin batera herriko karriketan barrena aritu zen. Esan beharrik ez dago giro bikaina sortu zutela festetako lehen egunean, bai eta barrikotean ere. Gau partean, Egan taldeak dantzaldia eskaini zuen plazan.

Gaurkoa haur eta gazteen eguna dute baina, dudarik gabe, irurar ororentzat, eguneko ekitaldi garrantzitsuena, mutil zein neskek dantzatuko duten sokadantza da. Ohitura zainduz, eguerdian mutilek dantzatuko dute eta arratsaldean, berriz, neskek.

Haurrentzako eskaintza oparoa izango da gaur herrian. 12.00etan umeentzako euskal festa eta jokoak antolatu dituzte, gainera neska-mutikoak artzain-andrez eta baserritarrez janztera animatu ditu herriko festa batzordeak. Arratsaldean, Poxpolo eta Konpainia pailazo taldearen «Segi jotzen» ikuskizunaz ederki gozatuko dute. Aipatzekoa da Canovellas dantza talde katalanaren bisita, izan ere, Irurako dantza taldeak aurtengo udan hango Festa Major jaian parte hartu du. Bi herrien arteko dantza emanaldi trukea da beraz. Gaur, gaueko hamaiketan izango da Colla de Gitanes taldearen ikuskizuna. Gainera, honen ondoren, Governors, Redveil eta Kerobiaren kontzertuak ere izango dira.

Bihar festarik festa dabiltzan Gorritiren abereek geldialdia egingo dute herrian. Herri kirolak eta bertso saioa ere izango dituzte. Azken horretan, Maialen Lujanbio, Julio Soto, Uxue Alberdi eta Aitor Sarriegik parte hartuko dute.

Asteburu trinkoaren ostean ezin hobeto hartuko dute asteleheneko atsedenaldia. Hala ere, hurrengorako kementsu agertu beharko dira, ekitaldiz josita baitator. Herensugea erreta emango diete larunbatean amaiera jaiei.

bikoteen eguna

Urriaren 2a, larunbata, bikoteen eguna da eta horiek sokadantza dantzatu ohi dute urtero. Gero, musika dantzagarriaz lagunduta eta ludoteka zerbitzua eta guzti, bazkaria izango dute Aizpurua jatetxean

Sokadantza, zaindu beharreko ohitura Iruran

Mila eta bostehun biztanle inguruko herria da Irura, azkenaldian dezente hazitakoa. Alex Lasa kultura dinamizatzailearen hitzetan, «herri nahiko hila da, baina festa batzorde aktiboa duena». Hala, urtero gauza berriak eta erakargarriak antolatzen gogoz aritzen dira. Hala ere, aspaldiko ohiturei ere eusten diete, hala nola herrian dantzatu ohi den sokadantzari. Betidanik egin izan da, 1936. urteko estatu kolpearen ondorioz urte batez eten zuten, baina bestela gerra garaian ere dantzatzen zuten. Gazte festarekin bat egiten da. Garai batean irakasleak bazirela azaldu du Lasak; gaur egun, ordea, batak besteari erakutsita moldatzen dira. Ikur garrantzitsua da herensugea ere, 1986. urtean sortua. San Migelen eta herensugearen kondairatik atera zuten ideia, herriko festen izenarekin loturik. I. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo