Top 14
Avironek goiko muturrean jarraitzeko aukera dauka
Zuri-urdinek Perpinya hartuko dute, eta irabazten badute zaleen ilusioa indartzen jarraituko dute.
Jon LEUNDA
Asteburu gaiztoa izango dute Top 14an ari diren bi euskal taldeek, bai Avironek, bai eta Biarritzek ere, Liga irabazteko faboritoen artean dauden bi aurkari izango baitituzte. Dena dela, euskaldunak ere indartsu daude eta garaipen batek indar handia emango lieke.
Jokatzen lehenengoa Biarritz izango da, 14.30etik aurrera Parisen, Racing Metro taldearen zelaian. Parisekoak diru asko ari dira gastatzen azken bi urte hauetan, eta bertako talde nagusi Stade Françaiseri aurrea hartu nahi diote.
Une honetan sailkapen nagusiko lehen postuan daude 23 punturekin, eta orain arteko partidetan itxura bikaina eman dute. Biarritz, ordea, behetik gora dator, indarrean. Azken hiru jardunaldiak irabazi egin ditu, eta bere jokoak hobera egin du, nahiz eta oraindik Yachviliren lanak eragin handiegia izan dezakeen.
Hala ere, zuri-gorriek hutsune batzuk izango dituzte, azkena, Balsahw ingelesa. Hori dela-eta, lerro horretan baja gehiago ere badituztela kontuan hartuta, ohikoa ez den lerroa osatuko dute, Lakafia, Laure eta Alexandre arituko baitira.
Bi oren geroago Avironek Perpinya hartuko du Jean Dauguer zelaian. Norgehiagoka hori ere oso zaila izango da, nahiz eta kataluniarrak ez diren orain arte uste zutena ematen ari. Baionakoak sailkapeneko hirugarren postuan daude 21 punturekin. Orain artean denboraldiko ezustea izan dira, inork ez baitzuen uste horren ondo ibiliko zirenik, eta are gutxiago talde handiak menderatuz.
Perpinya sailkapeneko seigarren postuan dago 18 punturekin, Biarritzekin berdinduta. Orain arte uste bezala ibili ez diren arren, jokalari onak dituzte, eta kontuz ibili beharko du Avironek, Perpinyaren helburuen artean Liga irabaztea baitago.
Zuri-urdinek mailari eusteko asmoarekin ekin zioten sasoiari, baina une honetan horrek ez du balio, izan ere, nola dabiltzan ikusita, zaleen itxaropena areago iritsi baita.
Joan den astean Tolosan galdu egin zuten, baina itxura bikaina emanez, Okzitaniakoak estu eta larri hartuz, eta horrek ere indar handia eman die jokalari lapurtarrei.