GARA > Idatzia > Kirolak

Surf Quicksilver Pro France

Lehiaketa puri-purian, Landetako olatu zailetan

Datozen egunetan ospatuko da Hossegorren Munduko Surf Txapelketa, testuinguru oso interesgarrian.

p045_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA

Gaur hasi eta urriaren 5a bitartean ospatuko da Quiksilver Pro France txapelketa. WCT zirkuituko zazpigarren txapelketa izango da eta bertan munduko lehiakide onenak izango dira. Aurtengoa urte berezia da ASP Surflari Profesionalen Elkarteak txapelketen formatua aldatu baitu eta, ondorioz, soilik 36 lehiakide izango baitira, rankingeko 34 surflariak eta bi gonbidatu edo wildcard.

Txapelketaren antolatzaile Quiksilver markak bere taldeko bi surflari hautatu ditu wildcard-ak banatzeko. Bata, Maxime Huscenot Reunion irletako surflari gaztea da, 17 urte besterik ez ditu eta iaz ASP-ko Junior kategorian munduko txapeldun izan zen. Bestea Julian Wilson australiarra da.

Txapelketa hau ikusgarri egiten duten aldagaiak anitzak badira ere, aurtengo ikusmina are handiagoa izan daiteke. Batetik ASPko formatu berria hartu behar da kontuan.

Trestlesen ospatu berri den txapelketaren ostean, 36 kide lehiatuko diren bigarren aldia da hau. Bestetik, Kelly Slater surflari estatubatuarra lehen postuan da rankingean eta aurtengo txapela eskuratuko balu, bere hamargarren munduko txapela litzateke. Eta honi guztiari bertako olatuen kalitate bikaina gehitu behar zaie.

Txapelketa Hossegor, Seignosse eta Capbretoneko uretan os-patzen bada ere, lehiaketa hutsaz haragoko ekimen ugari izaten da eta batzuk Donibane Lohizunen ere ospatzen dira, Quiksilverrek bertan baitauzka bere bulego eta arropa biltegi garrantzitsuenak.

Historia handiko txapelketa da Hossegorrekoa. 1987tik ospatzen da, orduan Rip Curl markak antolatzen bazuen ere. Orduz geroztik, 2001ean izan zuen eten bakarra; New Yorkeko dorre bikien aferaren harira zirkuitua bertan behera uztea erabaki zen.

Gaurkoa egun narrasa bada, biharkoa igande bikaina izan daiteke Hossegorren, batez ere goizaldean haizeak lehorretik jo baitezake. Olatuak, haize gutxi eta eguraldi polita izango direla dio iragarpen meteorologikoak. Asmatzen badute, baldintza ezin hobeak izango dira ikuskizun paregabeaz gozatzeko.

olatuen kalitatea

Ikusteko txapelketa egokirik bada, hori Hossegorrekoa da, surflariak urertzetik oso gertu izaten baitira eta olatuen kalitatea bikaina baita. Olatu oso zaila izan arren, mota guztietako ariketak ikus daitezke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo