GARA > Idatzia > Kultura

Xalbador Egunak Urepeleko bertsolaria eta Xanpun omenduko ditu ondoko urriaren 9 eta 10ean

Bertso saioak, olerki gaualdia, herri kirolak eta mendi ibilaldia izanen dira urriaren 9 eta 10ean Urepelen, Xalbador Egunean. Aurten, Urepeleko bertsolariarekin batera, Xanpun ere omenduko dute.

p058_f01_96x96.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Urriaren 9 eta 10ean ospatuko dute Urepelen, Xalbador bertsolariaren oroimenez urtero Deiadarra elkarteak eta Euskaltzaindiak antolatzen duten eguna.

«Xalbadorren aitzakia hartu eta euskararen egun bat egitea da ekimenaren xedea», goraipatu zuten atzo Itxaro Bethart eta Jose Mari Iriondo Deiadarra elkarteko kideek. Urtero egin ohi den bezala, ospakizunak gai nagusi bat izanen du ardatz, eta, aurten Xalbadorrekin batera Xanpun, Urruñako bertsolaria, omentzea erabaki dute.

Urriaren 9an hasiko da eguna, «Ilunabar Literarioa» ekitaldiarekin. Horren ondotik, iluntzeko bederatzietan, lagunarteko afaria izanen da. Xendarineko ahizpak, Ander eta Imanol, eta Zabalen Anaiak arituko dira gaualdia alaitzen. «Gau horretan karaoke moduko zerbait eginen dugu kantu herrikoi eta berriagoekin. Denek abes dezaten, kantuen hitzak proiektatuko ditugu», gehitu zuen Itxaro Bethartek.

Xalbador Eguneko ekitaldi nagusiak, berriz, igandean izanen dira. Urteroko egitarauari jarraituz, goizean bertsolari urepeldarraren etxolara joateko mendi ibilaldia eginen dute. Goizean Emile Larrek eskainiriko meza ere izanen da, eta Xalbadorren hilobira bisita eginen dute.

Igandeko egitaraua

Ordu batean izango den bazkari herrikoiaren aurretik, herri kirolak eta Osintxuko Musiraka taldea ikusteko parada izanen da. Bazkarian, berriz, Jean-Louis Laka bertsolariarekin batera, bertso saioa eginen dute Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe II.ak, Sebastian Lizasok eta Uxue Alberdik, gai-jartzaile Joxemari Iriondo arituko delarik. «Bazkaria egin bitartean bideoa erakutsiko dugu», argitu zuen Bethartek. Eguna amaitzeko erromeria izanen da. «Euskal Herri osoko lagunak hurbiltzen dira urtero Urepelera egun horretaz gozatzera. Iaz, bazkarian hirurehun bat lagun elkartu ziren. Ondoko urtean Xalbador hil zeneko 35. urteurrena ospatuko denez, zerbait handiagoa egiteko asmoa dugu», iragarri zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo