GARA > Idatzia > Ekonomia

Lan arloan gizon-emakumeen tratu berdintasuna saritzeko lehiaketa, Ipar Euskal Herrian

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako lantegi eta enpresariei zuzendutako lehiaketa aurkeztu zuten, atzo. Emakumeen eta gizonen arteko tratu-berdintasuna bermatzen dutenak sarituko dituzte.

p033_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako enpresetan gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko asmoarekin, Enpleguaren Etxeak (Maison de l'Emploi) eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Emakumeen Eskubideen Bulegoak lehiaketa bat antolatu dute hainbat elkarte eta erakunderekin elkarlanean.

«Mota honetako lehen lehiaketa da Ipar Euskal Herrian, eta esan dezakegu, Akitanian bertan ere», adierazi zuen atzo, Baionan, Anne-Elisabeth Francq bulegoko arduradunak. Urteetan tratu-berdintasuna lortzeko hamaika ekimen izan diren arren, sexuen araberako diskriminazioa ez dela desagertu nabarmendu zuten lehiaketa antolatzeko arrazoiak azaltzean.

Berdintasuna bermatzeko ekimen, lege eta arau andana indarrean jarri badira ere, jokamolde diskriminatzaileok behingoz amaitzea «oso zaila» dela uste dute, «gizarteko esterotipoetan oso errotuta» daudelako.

Jarrera eta jokabide horiek aldatzeko helburuarekin, «norabide onean» ari diren enpresak eta enpresariak ezagutarazi eta balioztatzea deliberatu dute.

Aniztasuna

Tratu-berdintasuna ez ezik, lantegietan aniztasuna bultzatzen duten enpresak ere saritu nahi dituzte, bide batez.

Izan ere, diskriminazioa mota askotarikoa denez (soziala, kulturala, geografikoa, jatorriarekin, sexu orientazioarekin, ezgaitasun fisiko edo psikologikoekin zerikusia duena eta abar), bereizkeria horiek gainditzeko borrokatzen diren enpresariak saritu nahi dituzte.

Lehiaketan parte hartzeko, gutxienez hiru urteko antzinatasuna izan behar du enpresak. Ipar Euskal Herrian kokatua egotea ere nahitaezkoa da, eta gutxienez bi langile izatea.

Hiru sari egongo dira. Lehena langileak kontratatzerakoan edota plantilla mantentzerakoan berdintasuna eta aniztasuna bermatzen duenarentzat. Bigarrena, berdintasuna garatzen duenarentzat, eta hirugarrena, balore horiek sustatzen dituenarentzat.

Hirurak diruz sarituko dira, eta horrez gain, tokiko enpresa-sareetan urtebeteko partaidetza, marketin kanpainak edota aholkularitza eta prestakuntza saioak eskainiz ere bai.

Emaitza abenduan

Epaimahaia erakunde eta elkarteetako 15 kidez osatuko da, horien artean, Enpleguaren Etxea, Femmes 3000, Diriger au féminin, Andere Nahia, Emakume enpresaburuak 64, Bultza, Hemen, Aldatu eta Indar. Abenduaren 17an jakinaraziko dituzte saritu dituzten enpresen izenak.

Aurrezki kutxek, Merkataritza eta Industria ganberek eta elkarte antolatzaileetako batzuek ere diru laguntzak emango dituzte lehiaketaren gastuak eta sariak osatzeko.

Lehiaketan parte hartzeko urriaren 30a baino lehen eman beharko da izena. Inskripzioak soilik bide elektronikotik onartuko dira. Informazio eta zehaztasun gehiago, www.mde-paysbasque.com helbidean.

BERDINTASUNA

Emakumeak eta gizonak berdintasunez tratatzen dituzten enpresak saritzea da lehiaketaren helburua. Ekimen honekin, lan arloan oraindik ere gertatzen den diskriminazioaz sentikortzea nahi dute.

bereizKERIA

Lan munduan gertatzen diren bereizkeria mota anitzak (sozial, kultural, erlijioso, jatorriaren araberako) gainditzeko borrokatzen diren enpresariak sarituko dituzte lehen aldiz antolatu duten lehiaketan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo