GARA > Idatzia > Kultura

«Kanpokoa naiz eta zer?» eta «Atzeraka nabil», haur literaturan plazaratu berri diren lanak

Zortzi urtetik goragoko umeei zuzenduta, Seve Callejak eta Lutxo Egiak Elkarren kaleratu berri dituzten lanak aurkeztu zituzten atzo. Bietan Eider Eibar marrazkilaria izan da orriak koloreztatzen arduraduna.

p050_f01_148x92.jpg

GARA | BILBO

Irailarekin ikasturtearen hasiera etorri ohi da, eta honek haurrei zuzendutako liburuak ekartzen ditu. Horren harira, Elkar argitaletxeak bi proposamen berri iragarri zituen atzo Bilbon. Seve Callejaren (Zamora, 1953) «Kanpokoa naiz, eta zer?» eta Lutxo Egiaren (Santander, 1969)) «Atzeraka nabil».

Lehenengoan Andres, Andy edo Ander, deitura guztiei berdin erantzuten dien protagonista aurkeztu du egileak. Gurasoak Bolivian utzita, Euskal Herrian bizi da amonarekin eta aurten, aurrenekoz, Olentzerok ekarriko dizkio Gabonetan opariak. Berak ere, ordea, sorpresa bat dauka lagunentzat gordea.

Liburua Eta Zer? haur bildumaren barruan argitaratu da eta zortzi urtetik gora dituzten haurrei dago zuzenduta.

Callejak «Dado iratxoa» ipuinarekin Lizardi saria irabazi zuen 1985ean, eta harrezkero ipuin asko idatzi ditu haur eta gazteentzat.

Bigarren lanari dagokionez, hau ere zortzi urtetik gorakoentzat idatzi du Egiak. Protagonista xelebrea dakar liburu honek; izan ere, goiz batean bere bizitzako erabakirik inportanteena hartuko du: aurrerantzean, atzeraka ibiliko da. Gaztetxoaren aitari ez zaio batere ideia ona irudituko, bere irudikoz aurrera begira ibiltzea garrantzitsua baita: etorkizunak zer dakarren ikusteko eta estropezu ez egiteko, alegia. Egoeraren aurrean, aitak etorkizuna iragarriko dion emakume sorgin batengana joatea erabakiko du.

Lutxo Egiaren ibilbidean, eleberriak eta poemak tartekatzen dira, hala nola: «Sei poema solte», «Herrenak» poema soltea, «Paperezko hegazkinak» edo «Zubigilea».

Calleja eta Egiaren azken lanek badute ezaugarri komun bat, Eider Eibar zornotzarrak egin baititu marrazkiak. Eibar irudiekin harremana duen edozerk erakartzen du. Arte Ederretan lizentziatua, horma-irudiak, animazioak, txotxongiloak eta zenbait liburu marraztu ditu haur literaturan, horien artean: «Egizu lo» (2005), «Pello Telleriaren Amets eroak» (2006), «Matxinsaltoen belarriak» (2006), «Olentzeroren malutak» (2007), «Zaldun beltzak» (2008), «Malanjel pirata» (2009), «Txanpirrin pintxona» (2009) eta azken bi hauek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo