GARA > Idatzia > Kultura

«Mexiko maitatzeko», hamaika zinemagileren begirada, Biarritzen

Latinoamerikan izandako iraultzen eta independentzia gerren urteurrenen ospakizunen karietara, Biarrizko jaialdiak egitarau berezia prestatu du. Bolivar, Pancho Villa, Tupac Amaru edo Francisco de Miranda bezalako pertsonaiak film askotako protagonistak bihurtu dira. Atzo, bide batez, Mexikoren aipamen berezia egin zuten Guillermo Arriagaren «El Pozo» eta Carlos Reygadas eta bertako beste hamar zinemagileen «Revolución» filmei esker.

p043_f01_203x136.jpg

Ainize BUTRON | BIARRITZ

Mexiko izan da Biarrizko jaialdiaren lehen eguneko gonbidatu nagusia. Latinoamerikan gertatzen ari diren aldaketa politikoak aztertzeaz gain, aurtengo jaialdiak egitarauan nabarmendu nahi izan ditu herrialde horiek aurten ospatzen ari diren iraultzen eta independentzia gerlen urteurrenak.

Atzo, bezpera gaueko jaialdiaren irekiera ofizialean izandako «Revolución» filmaren eta «El Pozo» laburraren proiekzioekin, eta horien egileak, mexikarrak, bertan zeudela -Guillermo Arriaga zinemagile eta idazlea eta Carlos Reygadas zinemagilea- gertakari horietan barnatzeko aukera eman zen.

Mexikon iraultzaren mendeurrena eta independentziaren bigarren mendeurrena ospatzen ari dira 2010. urtean. Kari horretara, bi mexikarrak, bertako beste hamaika zinemagilerekin batera, «egungo Mexikoko gizartean iraultzak dituen aztarnak» aztertzen aritu dira. Maika Bernard «El Pozo» filmaren ekoizleak argitu zuenez: «Iraultzaren ospakizunaren karietan, Mexikoko telebista baten laguntzarekin, hausnarketa egiteko beharra sentitu dugu, nondik gatozen eta nora goazen». Gogoeta horri erantzuteko, zazpi zinemagile gazte eta beste hainbat ezagunagoei film laburrak eginez, «Trece maneras de amar a Mejico» egitasmo orokorrean parte hartzeko proposamena luzatu zieten.

Guillermo Arriaga, Juan Carlos Rulfo eta Carlos Reygadas dira, besteak beste, parte-hartzaileak.

Biarrizko jaialdian film laburren lehiaketan sailkatuta dago Arriagak eginiko «El pozo» laburra. Zortzi minutuko film horrek 1914an Mexikoko Coahuila basamortuan kokatzen du kontakizuna: «Leku horretan gertatu ziren iraultza garaiko borroka odoltsuenak. `El Pozo' ez da bakarrik historiako pasarte baten kontakizuna, gatazka bortitz baten pean herri batek bizi duen sakrifizio egoera erakusten du», azaldu zuen egileak. Carlos Reygadas, bestalde, fikzioko atalean lehiatzen den «Revolución» pelikulan «Este es mi reino» zatiaren egilea da.

«Arratsalde batez lagun talde bat elkartu nuen etxean apairu baten inguruan eta gertatzen ari zena filmatu. Askatasun osoko espazio bat sortu nahi nuen, eta horretan denetarik gertatu da, onerako eta txarrerako. Gau horretan, atso zaharrak hiltzeko proposamena egin banu, ziurrenik eginen genuen», aitortu zuen zinemagileak. Iraultzaren aipamena era horretan eginez, gaur egungo Mexikon bizi den egoera «bortitza» azaldu nahi izan zutela jakinarazi zuten bi zinemagileek.

«Talde fenomeno bat sortu nahi izan dut, eta horrekin muga gabeko askatasunari buruzko gogoeta sortu. Gauza asko ikustera eman dit pelikula horrek: Mexikon dagoen aniztasuna, eta, herri gisa dugun elkarren arteko helburu eza», gehitu zuen. Gaur egungo Mexikoko egoera aipatzerakoan, Carlos Reygadasek «garai ilunak» bizi dituztela adierazi zuen. «Baina, oraindik txarrena ez da iritsi ere egin. Iraultzan milioi bat lagun hil ziren, oso gatazka basatia izan zen. Gaur egun, bortizkeria egoerak zehatzagoak dira. Iruditzen zait deus ez dela aldatu, egunero buruak mozten dituzte gure herrian», gaineratu zuen, azkenik.

Film mitikoak ikusgai

Mexikoko zinemagileek egindako lan horiek guztiek abendura bitartean proiektatuak dira Mexikoko Azteca TV telebista katean. «Artistek eragin handia daukate gurean. Film labur bakoitza astebetez proiektatua da telebistan, zinemagileekin izandako eztabaidekin batera», zehaztu zuen Maika Bernardek.

Union Latina egiturak antolaturik, Latinoamerikako herrialdeen independentzia gerlak eta iraultzak gaitzat dituzten filmen atzera begirakoa prestatu dute Biarrizko jaialdian.

Tomas Gutierrez Alearen «Historias de la Revolución», Jorge Ali Trianaren «Bolivar soy yo», 1925ean Pedro Siennak sorturiko «El húsar de la muerte» eta Fernando de Fuentes egilearen 1936ko «Vámonos con Pancho Villa» izango dira ikusgai. Txileko gatazka ere hizpide izango da Biarritzen, esaterako, Patricio Guzman-en «Nostalgia de la luz» azken dokumentalaren bidez.

Luis Sepulveda

Txiletar idazlearen solasaldiak izango dira Biarritzen. «Antxeta eta katua» marrazki bizidunen proiekzioa izango da gaur, eta, bihar, goizean berekin literaturaz hitz egiteko aukera izango da.

«La vida loca»

Christian Povedak El Salvadorreko «mara» edo bandeei buruz egindako filmaren lehen emanaldia izango da bihar, Le Royal aretoan. 2009an zendu zen Poveda, eta emanaldian haren andrea izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo