GARA > Idatzia > Kirolak

Esait Euskal selekzioen aldeko ekimena

Paue, ofizialtasunaren erdigune

Euskal Herriko selekzioaren aldeko kontzentrazio «sinple eta sinbolikoa» egingo dute ostiralean Okzitaniako herriko Jai Alai pilotalekuan.

p038_f01_199x127.jpg

Imanol CARRILLO

Ostiral honetan hasi eta datorren urriaren 10era bitartean 21 selekziok hartuko dute parte Paueko Munduko Pilota Txapelketan. Hala ere, bertan «Euskal Herriko selekziorik ez dutelako onartzen, eta, beraz, euskal pilotariak Espainiarekin edo Frantziarekin jokatzera derrigortuta daudenez», ESAITek ofizialtasuna aldarrikatzeko ekimena egingo du etzi Estatu frantseseko Okzitaniako herri horretan.

Martxel Toledo Euskal Selezioen Aldeko Iritzi Taldeko koordinatzaile nagusiak adierazi zuenez, Paueko Jai Alai pilotalekuaren kanpoaldean, «txapelketaren inaugurazioaren parafernalia antzekoa egiten den momentuan», kontzentrazio «sinple eta sinbolikoa» egingo du ESAITek 19.00etan.

Hala ere, nahiz eta xumea izan, «ekimena guretzat garrantzitsua izango da», nabarmendu zuen. Izan ere, «guk geurea aldarrikatzen dugu. Ez goaz inoren kontra», argi utzi nahi izan zuen Toledok.

Hala, ESAITeko koordinatzaile nagusiak ez zuen baztertu txapelketak irauten duen bitartean beste ekimenen bat egiteko asmoa edo aukera aurrera eramatea.

Pilotan eta beste kirol askotan gertatzen den bezalaxe, bai Estatu espainolak bai frantsesak ez dute Euskal Herriko selekzioa aintzat hartzen. Gainera, ESAITen ustez, «egoera anormalizatu hori normalizatu bihurtu nahi dute». Eta alderdi politikoen jarrera kritikatu zuen: «PSE eta PP, entzungor eginez, honen aldeko urratsak eman beharrean, kontrako urratsak ematen ari dira Espainiako selekzioa bultzatuz».

Aipatutako horren harira, Espainiako saskibaloi selekzioa Gasteizen aritu izana edota Espainiako Vuelta Euskal Herriko errepideetara ekartzeko eskakizuna salatu zuen euskal taldeak.

Pilotarien uko egitea

Munduko Pilota Txapelketari berari dagokionez, Estatu frantseseko selekzioari uko egin dioten bi pilotarik, Ellande Alfarok eta Beñat Maitiak, euren ikuspuntua eskaini zuten atzoko prentsaurrekoan.

Lehendabizikoa, 2002. urtean Iruñean egin zen Munduko Txapelketan jokatu gabe geratu zen Estatu frantseseko selekzioari uko egin ziolako. Pilotari profesionala eta lapurtarra jaiotzez, gaur egun Euskal Herriko Pilota Kontseiluko kidea da. Aipatu zuenez, EHPK «ofizialtasunaren aldeko ibilbidea egiten ari da». Gauzak horrela, Nazioarteko Biltzarrari gutun bat helaraziko zaiola nabarmendu zuen, «Euskal Herria bertan sartzeko zer asmo duen eta nola ikusten duen jakiteko».

Beñat Maitia, berriz, aurtengo Munduko Txapelketari uko egin dion pilotari afizionatua da. Erabaki horren zergatia oso garbi utzi zuen: «Neure burua euskaldun sentitzen dut». Halaber, «Euskal Herriaren alde, eta aukera horren alde egingo dut», gaineratu zuen.

Bi pilotarion eta beste askoren erabakia «txalotu» nahi izan zuen ESAITek. «Eredugarriak ere izaten dira, herri honen alde egindako guztiarengatik», goraipatu zuen Martxel Toledok.

Azkenik, Munduko Pilota Batzarraren jarrera kritikatu zuen, «ez duelako ofizialtasunaren aldeko ezer esan orain hasiko den Munduko Pilota Txapelketan eta ez dituelako horren aldeko urratsak ematen».

Informazio gisa, honakoak dira Paueko Munduko Txapelketan parte hartuko duten 21 selekzioak: Argentina, Belgika, Bolivia, Brasil, Kanada, Txile, Costa Rica, Kuba, Ekuador, Espainia, Frantzia, Guatemala, Italia, Mexiko, Nikaragua, Peru, Filipinak, Dominikar Errepublika, Uruguai, AEB eta Venezuela. Indiak parte-hartzeari uko egin zion azkenean, ez zirelako lehiatzeko sasoi onenean.

«Uko egiteagatik ez dago mehatxu zuzenik, baina askok beldurra dute»

Espainiako edota Frantziako selekzioei uko egiteak ekar diezazkiekeen kalteen beldur, kirolari batzuek nahiago dute aukera horri muzin egin. Izan ere, Martxel Toledok adierazi zuenez, «zigortu egin ditzakete. Hutsegite larritzat jo dezakete. Hala eta guztiz ere, asko ez dira zigortuak izan. Azken finean, kirolari batentzat kirol-lizentzia edukitzea, nortasun agiria izatearen pareko zerbait da».

Beñat Maitiak bere egoera azaldu zuen: «Ez dut eraginik izan oraingoz. Duela bi urte berezkoetara igo nahi zuten pilotariak zeuden, baina esan zieten Munduko Txapelketan irabazi behar zutela, edo txapelketa ona egin, mailaz igotzeko. Iparraldean, aurten nik bakarrik egin diot uko».

Ellande Alfarok ere bere iritzia eman zuen gai honen inguruan: «Espainiako edo Frantziako selekzioari gustura uko egingo lioketen kirolari edo pilotari asko daude, baina kanpoan geratuko diren beldur dira. Ez dago mehatxu zuzenik federazioaren aldetik, baina presioa bai». I. CARRILLO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo