Jon Otero Uribarren San Juan de Dios Psikiatrikoa, Arrasate
Psikiatria euskara zapaltzen
Arrasatearra naiz eta Arrasateko San Juan de Dios psikiatrikoan nago. Orain dela zenbait egun hasi nintzen erdaldunei euskaraz mintzatzen. Bada, jantokian esan didate gazteleraz egiten ez badut, astebukaerako baimenik gabe geldituko naizela. Ez da lehen aldia psikiatriko honetan euskaraz mintzatzen naizena erdaldunekin, aurrekoan eguneroko pasea kendu eta bi pilula gehitu zizkidaten. Aspaldi beste behin ere egin nuen, lehen aldiz etorri nintzenean espetxe-psikiatrikotik hona, izugarri gehitu zidaten medizina psikiatrikoa kontsultan sartu eta minutu bat igaro baino lehen.
Lehen Alacanteko espetxe-psikiatriko batean egon nintzen bederatzi urtez eta han sarri egin nuen euskaraz erdaldunekin. Zortzi aldiz kendu zidaten medizina psikiatriko guztia kasu horietan, tabakoa laga eta euskaraz mintzatzeari ekin nion. Ez zen ezer gertatzen erdaldunekin (koadernotxo batean idazten nien erdaraz gauza garrantzitsuenak), baina kontsulta pasatzea tokatzen zitzaidanean, euskaraz egin eta berehala sartzen zidaten gehienetan injekzio madarikatu bat, edo pilulak. Behin Maria Angeles Lopez psikiatrak idatzi zuen: «Cuando empieza a hablar en vasco entra dentro de una fase de enfermedad crónica». Orria Eusko Jaurlaritzari bidali nion, ezin nuen fotokopiarik egin. Ez zidaten erantzun.
Lehengoan Elebide eta Behatokira bidali nituen gutun bana, esanez psikiatra euskal hiztuna behar dugula.