GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio kazetaria

Krisialdiak ez dio kalitaterik kendu

Batzuetan hobe izaten da egoera egiaz dena baino okerragoa dela ikusaraztea; batetik, aurrean duzuna okerrenean pentsatzen jartzeko eta, bestetik, gainontzekoen bizkarrak handituko dituen doako kritikarik ez jasotzeko. Hala, gainera, «legezkotzat» joko zaituzte eta inor engainatzeko asmoetatik urrun kokatuko. Behin ekaitza pasata, arnasa lasai hartzeko aukera izango duzu, eta lanak ondo eginda, ez duzu burumakur atzera begiratu beharrik izango.

Horixe da Mikel Olaziregik egindakoa, bai eta legez jokatutakoa ere. Hamar urte igaro ditu Zinemaldiaren burutzan eta inoizko krisialdirik handienari aurre egin behar izan dio. Hasieratik, argi utzi zuen aurtengo jaialdian izen ezagun gutxik argituko zutela alfonbra beltza, baina etortzen zirenek kalitate handiko lanak erakutsiko zituztela. Ez zitzaion arrazoirik falta.

Julia Robertsek bederatzi eguneko distira utzi zuen Donostiako zeru gainean, baina, guztien gainetik, Zinemaldiak zinemari eskaini dio denbora. Izar gutxi alfonbra gainean, baina lan onak eta oso onak pantailaren atzean. Ospe txikiko zuzendariak izan arren, Olaziregik ondo landu zuen landu beharrekoa, eta oso proposamen ausartak plazaratu zituen, nahiz eta kritikari askok ikusitakoaren kalitate txarraz hitz egiten jardun zuten temati.

Goran Paskaljevic zuzendari serbiarrak burututa, zazpi lagunek osatutako epaimahaiaren erabakiak txaloz eta txistuz jaso zituzten kazetariek Zinemaldiaren azken egunean. Merezita jaso zuen Peter Mullanek Urrezko Maskorra, baita Connor McCarronek Zilarrezkoa ere, baina jauzi horretan beste hainbat film zintzilik geratu ziren, beste orbita batean, hemen bai eta hor ez, saria laztandu baina etxera esku-hutsik itzulita.

Nik baditut zerrenda horretan atzeko atetik beren sorterrira itzulitakoak, baina ez dut uste nire irabazleen lista ezagutaraztea zilegi denik. Mikel Olaziregik berak iragarri zuen aurtengo Zinemaldia begiraden Zinemaldia izango zela; beraz, bakoitzak gordeko du bere memorian aurtengo film gogokoen zerrendatxoa. Eta film horiek gogoan hartzen dituenak, gogora dezala orain arte zuzendari izan denaren irudia ere, datorrenari lekua egiteko balioko dio-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo