GARA > Idatzia > Euskal Herria

Klima aldaketari buru egiteko, Baiona `Alternatiba Herria' bihurtuko du Bizi!-k

Nazioarteko 171 herrialdetan bezala, urriaren 10ean klima aldaketa borrokatzeko ekimen berezia antolatu du Bizi! taldeak. Egun horretan Baionako Chaho Pelletier ingurua «Alternatiba Herria» bilakatuko da. Egungo egoera alda daitekeela islatuko dute bertan, era ludiko batean.
p015_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Kopenhageko gailurraren «porrotaren» ostean, munduan eta Euskal Herrian ere «militante andanak klima aldaketaren kontrako borroka» segitzen dutela gogoratuta, Bizi!-ko ordezkariek urriaren 10erako antolatu duten egun osoko ekimen berezia aurkeztu zuten atzo, Baionan.

Agintariei gaurko egoera «larria» aldatzeko alternatibak eta aterabideak badaudela erakustea da egun horren helburu behinena. Izan ere, herrialdeek adostutako engaiamendu guztiak beteko balira ere, «XXI. mendearen amaierako planetaren tenperatura orokorra %3 eta %5 bitartean igoko litzateke» Txetx Etxeberrik aditzera eman zuenez.

Beraz, G-20ko eta Johannesburgoko gailurren atarian, gizartea bere gain dagoena egiteko prest dagoela eta agintariek hein berean jardun dezatela exijituko dute Baiona `Alternatiba herria' bilakatuz.

Egitarau betea

Egitarau zinez trinkoa prestatu dute xede horrekin. Goizeko hamarretan, Susan George idazle eta militante altermundialista ezagunaren presentzian «herrixkaren» ateak irekiko dituzte, arratseko kontzertuarekin itxiko direnak.

Tarte horretan, Georgek berak, EHUko irakasle Iñaki Antiguedadek eta AMAP elkarteko ordezkariak hitzaldiak eta mahai-inguruak eskainiko dituzte, iraunkortasunaz, krisiaz eta tokiko elikadura-autonomiari buruz, hurrenez hurren.

Filmak, tailerrak, jokoak, musika, dantza, ipuin kontaketak, informazio-mahaiak, txirrindu eta beste objektu batzuen truke azoka, emazteen traineru erakustaldia eta artisau eta laborarien azokak osatzen dute egitaraua.

Arratsaldeko seietan argazki erraldoi bat egingo dute «herrixkako biztanleekin». Hain zuzen ere, ekimenaren izaera parte-hartzailea nabarmenduta, dei berezia egin zuten «esparru guztietan alternatibak eraikitzen ari diren elkarteei» bertan parte hartzeko. Halaber, musikari, artista, abesbatza, kale-animatzaile, naturaren errespetuan lan egiten duten laborari, artisau, eta oro har, herritar oro gonbidatu zituzten bazkariak, zintzur bustitzeak edota jokoak antolatuz, «herri bizikide bat» osatzera igande horretan.

Antolaketa lanetarako ere boluntarioak beharko dituztela adierazi zuten. Informazio osagarria www.bizimugi.eu helbidean aurki daiteke.

BOST HAMARREKO

Hamargarren hileko hamargarren egunean, goizeko hamarretatik arratseko hamarretara, gas isurketak %10 murrizteko eskatuz ekimen ugari izango da mundu zabalean. Euskal Herrian Bizi! taldeak Baionan antolatutakoa izango da bakarra.

BOST HAMARREKO

Hamargarren hileko hamargarren egunean, goizeko hamarretatik arratseko hamarretara, gas isurketak %10 murrizteko eskatuz ekimen ugari izango da mundu zabalean. Euskal Herrian Bizi! taldeak Baionan antolatutakoa izango da bakarra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo