GARA > Idatzia > Ekonomia

Gaurko greba ez dela gatazkaren bukaera adierazi dute UGTk eta CCOOk

Gobernuak lan eta gizarte arloko politika aldatzen ez badu, estatu espainolean gaurko antolatu duten greba ez dela mobilizazioen bukaera izango adierazi zuten atzo UGT eta CCOO sindikatuek. Bestalde, adostu diren gutxieneko zerbitzuak beteko dituztela esan zuten.

p026_f01_199x108.jpg

GARA

UGT eta CCOO sindikatuek gaurko greba deialdia «irabaziko dutela» adierazi zuten atzo Madrilgo Complutense unibertsitatean egindako ekitaldian. Lanuztea ez dela «ezeren bukaera izango» iragarri zuten bertan UGTko eta CCOOko idazkari nagusiek, Candido Mendez eta Ignacio Fernandez Toxok, eta gatazkaren jarraipena Gobernuaren esku geratuko dela gaineratu zuten.

Fernandez Toxoren arabera, PSOEren alternatiba PSOEko beste gobernu bat izan liteke, eta hitzarmenak lortzeko Gobernuari Kongresuko «ezkerraldera» begiratzeko eskatu zion.

Gobernuak bere politika aldatu behar duela esan zuen Mendezek ere, eta Jose Luis Rodriguez Zapatero presidentea, izatekotan, egindakoak zuzentzen dela aditua nabarmendu zuen.

Bestalde, Gerardo Diaz Ferran enpresaburuen ordezkaria kritikatu zuten bi sindikatuetako buruek. Piketeen bortxazko jarrerak eta gutxieneko zerbitzuek grebaren arrakasta baldintzatuko dutela esan zuen Diaz Ferranek.

Pikete informatiboen alde agertu zen Toxo, eta «langileak kaleratzeko eta beraien aberastasuna babesteko eskrupulurik gabeko enpresariek osatzen duten `izuaren piketearen' aurka» lan egingo dutela esan zuen. Horren harira, Diaz Ferranek Marsans, Air Comet eta beste enpresetan dituen gatazkak gogorarazi zituen. Gutxieneko zerbitzuak beteko dituztela ziurtatu zuten, bestalde. «Istiluren bat gertatzen bada, neurrigabeko gutxieneko zerbitzuak ezarriz greba eskubidea urratu nahi dutenen erantzukizuna izango da», ohartarazi zuten.

Gutxieneko zerbitzuak

Izan ere, Madrilen gutxieneko zerbitzurik ez dutela beteko iragarri dute, ez baitira ados jarri.

Gainerakoan, Sustapen Ministerioarekin hitzartu dituzten zerbitzuen arabera, estatu barruko hegaldien %25 eta nazioartekoen %40 aterako dira. Abiadura handiko trenen %20 bermatuko dira. Aldiriko trenen zerbitzuan %25 bermatuko da, baina %30 izango da gutxienekoa, 06.00etatik 09.00etarako.

Bere aldetik, Gobernu espainolak greba eskubidea eta lan eskubidea errespetatuko dituela esan zuen, eta grebaren jarraipenaren kontuak ateratzeko sindikatuekin «zenbakien gerran» hasteko asmorik ez duela.

Moncloako jauregian grebari jarraipena egiteko batzordea osatu du Gobernuak, Maria Teresa Fernandez de la Vega presidenteordeak eta Celestino Corbacho Lan Ministroak zuzendua. Gainera, Polizia eta Guardia Zibila antolatzeko plan berezia egin du Barne Ministerioak.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Lakuako Gobernuak ekainaren 29an, gehiengo sindikalak egindako greban ezarri zuen dekretu bera jarri du indarrean, sindikatuen adostasun gabe.

okerrak zuzendu

Rodriguez Zapatero presidentea egindakoak zuzentzen «aditua» omen dela-eta, Gobernuari lan erreforman atzera egiteko eskatu diote gaurko greba antolatu duten sindikatuek.

ESK, CGT eta CNT sindikatuek borrokan eutsi behar dela diote

ESK, CGT eta CNT sindikatuek grebara deitu dute gaurko, eta hirurek batera manifestazioa egingo dute Gasteizen. Hainbat banketxe eta administrazio egoitzaren paretik igaro ostean, SEA enpresarien erakundearen aurrean bukatuko dute mobilizazio hori. Hiru sindikatuek greba deialdi propioa egin dute, CCOOrekin eta UGTrekin bat egin gabe. Agiri batean adierazi zutenez, greba egunaren ondoren «erabateko aldaketa» gertatzea eta Lan Erreformaren Legea bertan behera uztea espero dute. UGT eta CCOO gogor kritikatu zituzten, azken bi urteetan «hitzarmen sozial baten eske ibili direlako, krisiak gogor jo duen langileria piztu beharrean». Beraien iritziz, UGTk eta CCOOk urte asko daramatzate «iparra galduta». «Hazkunde garaietan elkarrizketaren eta hitzarmen sozialaren bidea kaltegarria da, borrokak baino emaitza gutxiago ematen dituelako», adierazi zuten. «Baina krisi garaietan, gaur egun bizi duguna bezalakoan, joera hori suizida baino ez da», gaineratu zuten. Hala ere, garaiz omen da «galdutako denbora» berreskuratzeko, «krisiak eta krisiaren ondorenek luze joko dutelako eta lan eskubideen eta eskubide sozialen kontrako gobernuen politikak eguneroko gaia izango ditugulako». GARA

Lakua

Lakuako Gobernuak, ekainaren 29an, gehiengo sindikalak deitutako greban ezarri zuen gutxieneko zerbitzuen dekretu bera onartu du. Hala ere, ez du lortu CCOO eta UGTren adostasuna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo