GARA > Idatzia > Mundua

Orain dela hirurogei urteko esperimentuek haserrea eragin dute Guatemalan

Aste honetan jakitera eman da 40ko hamarkadan 1.500 guatemalarri gaixotasun benereoak kutsatu zizkietela AEBetako zientzialariek. Guatemalako eragileek beren haserrea adierazi dute, hedabideen arabera.

GARA | GUATEMALA

Herrialdeko egunkariek berriak eragin duen haserrea jaso dute egunotan. Nery Rodenas Guatemalako Artzapezpikutegiko Giza Eskubideen Bulegoko zuzendariak, esaterako, nabarmendu du «guatemalarrak laborategiko arratoiak balira bezala erabili zituzten, eta AEBek, nahi duten adinako superpotentzia izan arren, ez daukate horrelako esperimentuak egiteko eskubiderik». Horrexegatik, elizgizonak exijitu zuen esperimentu horien biktimen senideei nolabaiteko konpentsazioa emateko.

Rodenasek exijitutakoarekin bat egin du Zury Rios Osasun Batzordeko diputatuak. Bere iritziz, «barkamena eskatzea garrantzitsua da, hirurogeita lau urteko isiltasunaren ondoren». Hitz horiekin hartu zuen Rios diputatuak Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak aste honetan esandakoa. Baina hori esatea ez omen da nahikoa. «Barkamen eskariak ez du balio itzulketarik gabe, bere garaian eragindako kaltearengatik eman beharrekoa biktimei eman gabe ez du ezertarako balio», esplikatu du.

Hala, Zury Rios diputatuak Guatemalako Gobernuari esan dio «urteko gutxienez 50 milioi dolarreko konpentsazioa» eskatu beharko liekeela AEBei.

Bestalde, kalteak jasan dituztenei ordainsariak emateaz gain, gertatutakoa zergatik eta noren laguntzarekin gertatu zen argitzea ere ezinbestekotzat jotzen du Rios legebiltzarkideak. «Jakin behar dugu nork erraztu zuen estatubatuar medikuak pertsona horiengana iristea», adierazi du. Bere iritziz, biktima haiek naziek atxilotu eta hil zituzten juduek jasan zuten tratuaren tankerakoa izan zuten.

Laborategiko arratoiak

Mario Polanco GAM Elkarri Laguntzeko Taldeko kideak nabarmendu du Washingtonen jarrera agerian geratu dela. «Orain jakin dugunak esaten digu AEBentzat Guatemala bere esperimentuak egiteko laborategi bat besterik ez dela», adierazi du Polancok.

Ordainketak nola egin zehaztu nahi du Frank La Ruek, Colom presidentearen giza eskubideetarako mandatari ohiak. Gaur egun Nazio Batuen adierazpen askatasunerako kontalari lanetan aritzen denak jakinarazi du kasu honetan biktimen senideek badituztela esku artean epaileengana jotzeko nahikoa argudio eta elementu. Edonola ere, bere ustez, lehen urratsa ordainketa egitasmo bat zehaztea litzateke.

Alvaro Colom Guatemalako presidenteak askoz ere jarrera bateratzaileagoa aukeratu du. Bere ustez, estatubatuarrekiko harremanak, hoztu beharrean, indartu egingo dira barkamen eskariaren eraginez. «Kaltetuen izenak izatera iristea nahiko nuke. Horrelako esperimentuetatik bizirik ateratakorik aurkitzea zaila izango bada ere, urte asko pasa baitira, bizirik egongo dira senideak. Konpentsazio eskaririk baldin badago, Estatuak eskari ofiziala aurkeztuko du».

AEBetako Osasun Zerbitzu Publikoak 1946tik 1948ra egin zuen ikerketa batek 1.500 guatemalar kutsatu zituen gaixotasun benereoekin. Orain jakin da hori, Susan Reverby Wellesley Collegeko irakasleak John Cutler VDRL gaixotasun benereoak ikertzeko laborategiko ikertzaileak artxiboan gordetako dokumentu batzuk topatu zituelako. Cutlerek presoak, prostitutak, gaixotasun mentalak zituztenak eta soldaduak nahastu zituen esperimentuetan esku har zezaten, baina biktima horiek ez zioten inolako oniritzirik eman.

erakundeak

Orain azaleratu diren dokumentuen arabera, Guatemalako bertako Osasun eta Justizia ministerioek, Armadak eta Osasun Mentaleko Erietxe Nazionalak zerikusia izan zuten estatubatuarren esperimentu haietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo