GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Pirinioak Bide berriak

Montañesan, Ordesan eta Anson, sortze gogorrak eta era librean

Albert Salvado eta Unai Mendiak «Lagrimas en la Roca» bidea (7b+) zabaldu dute Peña Montañesan. Jose Maria Andres eta Mikel Saez de Urabainek, berriz, «El Buda Feliz» (7b) Ordesan. Eta Manu Cordovak eta Mikel Zabalzak «Las Matachovas» (7c) Anson.

p048_f03.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Sortze lanetan diharduten pirineistek ez dute amaitu berri den uda alferrik pasatzen utzi, eta oso proposamen interesgarriak eskaini dituzte. Horien artean, gainera, euskal protagonistak daude. Lasai asko esan daiteke «betikoak» izan direla bide berriak egiten ikusi ditugunak. Bide berriak, bai, baina oso ikuspuntu egokiarekin eginak. Hots, eskalada librea, gogorra eta konpromisoa.

Hiru zutabe horiek eskuan hartuta, kronika honetan aipatuko ditugun pirineistek hiru bide berrien inguruko informazio pasa digute. Hiru proposamen berri, hiru eszenatokitan: Peña Montañesan, Ordesan eta Anson.

«Lagrimas en la Roca»

Peña Montañesatik abiatuko gara. Izan ere, Albert Salvadok eta Unai Mendiak Sobrarbe izeneko zutoinean marra berri bat sortu dute. «Lagrimas en la roca» izena jarri diote: 360 m, 7b+.

Aitortu beharra dago Motañesan dauden hormek ez dutela oraindik lortu pareta luzeetan jarduten duten eskalatzaileen benetako arreta. Eta egoera hori ez da batere normala, kontuan hartzen badugu, oso alderdi ederra eta lasaia izateaz gain, oso arroka ona duela.

Sokada katalan-nafarraren proposamena «Futuro incierto» bidearen eskuinera dago eta «Fredi-Picazo»ren ezkerrera. Protagonistek eta bidea errepikatu duten batzuek adierazi digutenez, oso bide ona da: «Den-dena eskalada askean egin daiteke, eta arrokaren kalitatea aparta da. Oro har, gogorra da eta luze gehienek ez dute atsedenik ematen. Bi zati ditu. Behealdean artesi batzuk daude, eta, horrela bada, nahiko klasikoa denez, fisureroak eta friendak beharrezkoak dira. Goialdea, berriz, ezberdina da oso. Plaka trinkoak eskalatu behar dira. Laugarren luzean botak eta materiala utz daitezke; izan ere, bigarren partea fisurero eta friend gutxi erabili behar direlako. Jakina, horrek rapelatzera behartzen zaitu».

Salvadok eta Mendiak bilera guztiak paraboltekin osatu dituzte. Horretaz gain, pauso arriskutsuenak kentzeko seguru batzuk gehitu dira. Azkenik, gogorarazi nahi dute bide hau era egokian egin ahal izateko, 6c/7a gradua ondo menderatu behar dela.

«El Buda Feliz»

Bigarren proposamena Ordesatik iritsi zaigu; zehazkiago esanda, Libro Abierto izeneko sektoretik. «El Buda Feliz» marra (325 m, 7b) zabaldu duten eskalatzaileak Jose Maria Andres eta Mikel Saez de Urabain ditugu. Madrildarra eta ordiziarra berriro Libro Abiertora itzuli dira. Iaz «Mononeuroma» sortu ondoren, azken honi ekin zioten, baina lan guztiak ezin izan zituzten amaitu. Aurten, aldiz, bai.

«Sol Negro» bidearen eskuinean dago eta «Somontano»ren ezkerrera. Krokisa ikusita, aurrekoan bezala, ia ez dago atsedena hartzeko betarik, 7a-tik gora luze batzuk badaude eta.

Saez de Urabain harrapatuta dago pareta horrekin: «Libro Abiertok aukera asko eskaintzen ditu. Nik uste dut Ordesako pareta dela. Zabaldu berri dugunak ez dauka antz handirik guk geuk zabaldutako «Mononeuroma» marrarekin».

Eta egia da, bidearen goi aldean beste jolas eremu erakargarriarekin egin baitute topo. Askoz ere plaka gehiago ditu, oso kalitate oneko plaka grisak. Jakina, tarte horietan fisureroak zein friendak soberan dira: «Plaka horiek eskalatu nahi genituenez, paraboltak jarri behar izan ditugu. Ez zegoen beste aukerarik. Hori bai parabolt batzuetara heltzeko hortzak estutu behar dira»

«Las Matachovas»

Eta azken bide berria edo proposamena Ansotik iritsi zaigu, Italiar izeneko paretatik. Han Manu Cordova eta Mikel Zabalak «Las Matachovas» bideari (250 m, 7c) eman diote forma.

Sokadak adierazi duenez, bidearen kalitateak ustekabean harrapatu ditu: «Berez, nahiko motza da, baina oso ona. Arrokaren kalitatea ona da, fantasiazko diedro bat dago eta benetako pauso gogorrak. Hasieran bazirudien librean egiteko ezinezkoa zela, baina pauso guztiak atera ziren. Bilerak ekipatuta utzi ditugu, eta arratsaldeko hirurak arte ez du eguzkirik ematen. Beraz, udarako oso egokia. Nahitaezko gradua 6c da».

pirinioak

Unai Mendiak, Mikel Saez de Urabainek, Mikel Zabalzak eta enparauek Peña Montañesa, Ordesa eta Anso aukeratu dituzte bide berriak zabaltzeko

gogorrak

Hiru sokadek zabaldutako bideak gogorrak dira eta era librean eskala daitezke. Paretako bideak dira, eta konpromisoak indarra hartzen du

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo