GARA > Idatzia > Kirolak

Itsasoa

Portugal: Atlantiko zabalari begiratzen dion Europako azken lurmuturra

Urria garai egokia izan daiteke Portugalgo itsasbazterra ezagutzeko. Batez ere surflarientzat. Eguraldi goxoa eta olatu bikainak.

p054_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Udazkena (ihartzea, larrazkena, neguantza, udagoiena, udatzena,...) bete-betean, egunak labur eta gauak luze. Itsasoko urak ere gero eta hotzago, pisutsuago, indartsuago. Ziklo baten amaiera gisa aurkezten zaigun aroa da, baina itsasoan, beste ziklo baten hasiera da. Haizete, eurite eta tenperatura apalen garaia izan daiteke, baina itsaski eta olatu handiena ere bai; beraz, ez da batere urtaro txarra itsasoa zakar maite dutenentzat. Urria (urrieta, hurrila, lastahila, biltzila) hilabete ederra da gurean. Itsasoko urak oraindik ez daude oso hotz eta hego haize dabilen egun goxoak ere izaten dira. Gainera, urrun joan gabe, gertuko bidaiaren bat egiteko garai aproposa ere bada. Portugalera joateko parada ezin hobea izan daiteke.

Portugal

Iraila eta urria hilabete aproposak dira Portugaleko itsasoaz gozatzeko. Lehorrean eguraldia goxoa da eta uraren tenperatura freskoa bada ere, ez da oso hotza. Udan Portugalgo urak, Kantauri itsasoan baino hotzago daude, baina neguan ez dira gurean adina hozten. Hegoalderantz joz gero berriz, tenperaturek gora egiten dute, bai lehorrean, bai itsasoan.

Portugalgo kostalde osoan zehar aurki daitezke hondartza eta surf egiteko leku bikainak. Peniche eta Ericeirako kostaldeak dira ezagunenak olatuei dagokienean, eta ez da harritzekoa, kostalde zoragarria baita. Bertako hondartzen orientazio anitzek, itsaskien eta haizeen norabideen arabera, leku batera edo bestera jotzeko aukera zabala eskaintzen dute. Hala ere, ekialdeko haizea da leku gehienetan olatu onak izateko haizerik egokiena.

Portugal, Ozeano Atlantikoa musukatzen duen Europako azken lurmuturra izaki, itsaskien zuzeneko kolpeei jazarria dago, beraz uhinak ere gurean baino maizago izaten dira. Itsaski handiak direnean, ordea, surf egiteko aukera anitz izaten da, kostaldeak bere luze-zabalean dituen orientazio desberdinek itsaskien sarbidea ezberdina izatea ahalbideratzen baitute. Zenbait leku babestuago daude eta itsaskiek ez dute zuzeneko eraginik izaten, horregatik, olatuak handiegiak direnean, hautabide aproposa izaten dira. Beste zenbait leku ez daude hain babestuta, baina bertako hondoei esker, olatu handiak eroso hartzeko leku aproposak dira. Aukera anitz eskaintzen duen kostaldea da beraz, Portugal.

Sutertubos

Izenak bere kabuz deskribatzen du Penicheko hondartza honen berezko izaera, bertakoak, tuboak egiteko olatu bikainak baitira. Hossegorreko olatuen antz handia daukate, indartsuak eta urertzetik oso gertu lehertzen direnak. Hala ere, hondartza hau nahiko berezia dela ohartarazi beharra dago; izan ere, hondartzara iritsi eta lehen begiratuan ezer apartekorik ez antzematea suerta daiteke. Hondartzaren iparraldean olatuak askoz ere txikiagoak dira eta ihesbiderik gabe lehertzen dira. Olatu onak, erdialdean aurkitzen dira, horregatik erne ibili behar da, lehen begiratuak nahasi ez gaitzan, parean olaturik ikusi ez arren, alboetara joz gero, olatu bikainak aurki baititzakegu.

Supertubos bere onenean dastatzeko haizearen norabide egokiena ipar-ekialdeko haizea da. Ipar haizetik nahiko ongi babestuta dago, beraz haize hau ere egokia izan daiteke, indar handikoa ez bada. Marea behean izan ezik, beste edozein mareatan egoki lehertzen da olatua. Horrek ahalbideratzen du baldintzak egokiak diren egunetan, ordu luzeetan olatu bikainak apurtzea.

Supertuboseko olatua indartsuegia dela iruditzen bazaigu hondartzaren bi muturretan ere saia gintezke. Hondartzaren hegoaldean lurmutur interesgarri bat ageri da, Consolaçao izenekoa. Lurmuturraren alde banatara, eskuin eta ezker olatu luzeak aurki daitezke. Hondoan arrokak daude eta norabide bakarreko olatuak dira, ez oso indartsuak eta nahiko luzeak, lasaiago gozatzeko egokiak.

Hondartzaren iparraldean, ostera, Peniche herriko hormetatik gertu, beste eremu bat dago, itsaskietatik babestuagoa, eta Molho Leste deitzen dute. Haizeak iparretik jotzen duenean eta itsaskiak indartsuak direnean, eskuin olatu politak altxatzen dira bertan. Olatu nahiko lasai eta luzea da, nahiko erraz eta erosoa.

Supertuboseko inguruetan, urrun joan gabe, olatu anitz aurki daiteke, batez ere iparralderantz joz gero (Praia de Baleal, Lagide, Ferral, Praia da Foz do Arelho), baina autoan kilometro batzuk egiteko prest bagaude, hegoalderantz jaistea merezi du. Ericeira da leku eta olatu zoragarriak eskain diezazkigukeen beste eskualdea. Eskuin olatu luzeak maite dituztenentzako paradisua. Ribeira D'ilhas da ezagunena, WQS zirkuituko txapelketak egin izan baitira bertan, baina ingurua olatu bikainez josita dago. Handik gertu esaterako, Coxos aurkitzen da, hondoan arroka eta itsas triku ugari izan arren, eskuin olatu amaigabe eta indartsuak jasotzen dituen altxorra.

WCT Portugalen

Iaz burutu zen lehenengo aldiz WCT mailako surf txapelketa bat Portugalen, eta Supertubosen burutu zen. Rip Curl Search txapelketa izan zen.

WCTko zirkuitua mundu zabaleko hamar lekutan garatzen da. Horietatik bat lekuz aldatzen da olatu onenen bila munduko leku berezietara mugituz (Txile, Indonesia, Mexiko...) eta txapelketa ibiltari hori izan zen, hain zuzen, iaz Portugalen burutu zena. Aurtengoa berriz, Puerto Ricon egitekotan dira azaroan.

WCT zirkuituko gainerako bederatzi lekuak finkoak dira, aldatzen ez direnak, beste leku finko batengatik aldatzea erabakitzen ez den bitartean behintzat. Horixe da Mundakarekin gertatu zena. Iaz Mundakako txapelketa WCT zirkuitutik ezabatzea erabaki zen eta aurrerantzean Portugalen egitea erabaki zen. Erabaki hau, iazko Portugalgo txapelketak izan zuen arrakastaren ondorio izan zen. Kalitatezko olatuak maiz izaten dituen leku bat izateaz gain, iazko eguraldi txarraren aurrean gauzak oso ongi antolatzeko gaitasuna erakutsi zuten portugaldarrek. Gainera, txapelketak sekulako ilusioa sortu zuen bertako herritarrengan eta antolatzaileek ikusleriaren baldintzarik gabeko sostengua jaso zuten, haizete eta eurite bortitzei aurre egiterako orduan. Gauzak horrela, hasiera batean salbuespeneko txapelketa behar zuenak, Mundakaren lekua betetzen amaitu du.

Tiago Pires

Surfak portugaldarrengan piztu duen ilusioak ikur bat du, Tiago Pires. Portugaldar hau orain hiru urte sartu zen WCT zirkuituan eta hasieratik sekulako babesa izan du bere herritarren artean. Portugal mundu mailan ordezkatzen duen lehen surflaria da eta bere apaltasunean eman dituen urrats sendoek kontuan hartzeko eredu bilakatu dute.

Urtetik urtera postuak igotzen joan da Tiago. 2008an 31. postuan amaitu zuen WCT zirkuitua. 2007an 24. postuan eta aurten, zirkuitua oraindik amaitu ez bada ere, lehen hamabost postuetako batean amaitzeko aukerak badituela esan daiteke. Hossegorren ez zuen zorte handirik izan; berarentzat erabakigarria izango da beraz bere lurretan eskuratzen duen emaitza.

KOSTALDE BIKAINA

Portugalgo kostalde osoan zehar aurki ditzakegu hondartza eta surf egiteko leku bikainak. Peniche eta Ericeirako kostaldeak dira ezagunenak olatuei dagokienean, eta ez da harritzekoa, kostalde zoragarria baita.

supertubos

Izenak berak deskribatzen du Penicheko hondartza honen berezko izaera, tuboak egiteko olatu bikainak baitira bertakoak. Hossegorreko olatuen antz handia daukate.

wct zirkuitua

Portugalekoak salbuespeneko txapelketa behar zuen hasiera batean, baina iazkoak izandako arrakastaren ondorioz, Mundakaren lekua betetzen amaitu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo