GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Iharduki, eredu berriekin!

Zinez, ABko biltzar nagusiak Pandoren kutxak bilakatzen ari dira Ipar Euskal Herriko politikan! Sozialistak eta berdeek argi uzten dute abertzale mota batekin aldiz, ez dutela harremanik nahi

Lula ez da berriz aurkeztuko. Alderdiaren hautagaia emaztea da eta prentsa orokorrean oso informazio arrunta biltzen da ministro izandako Dilma Rousseffi buruz. Baina, bilatzen hasiz gero, eskuineko prentsak emandako berri horietakoak ere bai, eskuinak maite dituen eskandalua bultzatzeko eta beldurraren sortzeko. Ordura arte ezezaguna zen Langileen Alderdiko militantea, «De gerrillera a dama do Planalto» aurkezten digute. Hau baita ziria sartzeko gako nagusia. Agintera heltzeko legezko bide bakarra, egokia, Estatuak sortzen dituen goi mailako jendartearentzat pentsatutako bidea baita soilik. Erran nahi baita agintera heltzea ezinezkoa dela iragan militante ezkertiarrentzat, bereziki borroka klandestinoan ibilitako militanteentzat, ezinezkoa izan behar dela bide hori bururaino egitea. Oso ikasgai interesgarria ematen digu Brasilek. Ez gara azterketa ekonomikoa egiten hasiko, hau oso konplikatua baita, eta Brasilek ez baitio miseriari amaiera eman, noski, beste tokietan bezala. Baina, emazte bat ekartzea agintera, presondegia ezagutu duen presidentea oso jarrera desberdinaren eredua bada. Eskuineko prentsak susmoak hedatzen ditu, armak erabili zituzkeela eta balitekeela bere eskuetatik hilketatan parte izana. Afganistanen Europako agintariek zibilen hilketak bideratzen dituztelarik oso era arruntean tratatzen dute berria, alegia hilketa agintzea ardura eza litekeelakoan...

Finean inposaketaren aurka borrokatzeko borondatea ezabatu nahi lukete, herri baten defentsan aritzea legez kanpo jarri. Hau da etengabe errepikatzen digutena, antolaketa eta borrokatzeko eskubidea ukatzen digute.

Alta, herri baten altxatzeko nortasun handiko pertsonak behar dira eta asko ditugu preso gaur egun. Horien artean baliteke biharko lehendakaria egotea. Euskal Herriaren sortzeko nahikeria handia eta determinazioa beharrezkoak dira, eta menpekotasuna inposatzen digutenentzat ezin jasana da hori. Ondorioz, asko daude lau pareten artean; presondegia baita ihardukitzen duen pertsonaren saria, Brasilen Euskal Herrian bezala.

Ihardukitzeko garaiak dira. Sirenei uko eginez. Izan ere, hauteskunde garaia hurbiltzen ari zaigu, kantonamendukoak ditugu hilabete batzuen buruan eta abertzaleentzat panorama ez doa erraztuz. Alde batetik, abertzaleen emaitzak hazten ari direnez, abertzaleen bozak interesgarriak bilakatzen ari dira, eta frantses alderdiek, berdeek eta sozialistek hurbilketak nahiko dituzte. Iragarri dituzte batzuk. ABrekikoak. ABren hastapenetan alderdi hau ez zen baitezpada komenigarria. Errealitate hori zerbaitengatik aldatuko zen, eta ondorioz, bai berdeek, bai sozialistek, ABrekin kontaktuak hartu dituzte. Denak ABko biltzar nagusiaren zain gelditzen omen dira. Zinez, ABko biltzar nagusiak Pandoren kutxak bilakatzen ari dira Ipar Euskal Herriko politikan! Sozialistek eta berdeek argi uzten dute abertzale mota batekin aldiz, ez dutela harremanik nahi. Denborak alderdi frantsesak eraman ditu abertzaleak hor daudela ezagutzera, bozen lortzeko, ez proiektu abertzalearen laguntzeko!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo