GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Trontza Euskal Herriko finala

Barberena anaiek ez dute aukera alferrik galdu

Esnaola anaien faltan, Ultzamako bikoa zen txapela lortzeko faboritoa, eta amaieran erraz lortu zuten helburua, bigarrengoei ia hiru minutu kenduta.

p044_f01-111x111.jpg

Jon LEUNDA

Ez zen ezusterik izan, eta Barberena anaiek lortu zuten Euskal Herriko maila nagusiko txapela. Orain arteko txapeldunak, Esnaola anaiak, aurten ez dira atera Euskal Herrikoan, eta horrek bidea nahiko libre utzi dio Ultzamako bikoari. Hauek aukera ez dute alferrik galdu, bigarren aldiz txapela jantzi ahal izateko.

Sailkapena bera aurrez iragar zitekeen modukoa izan zen, ia kanporaketako emaitzak errepikatu baitziren, eta Rezabal-Roteta bikoa izan zen txapeldunak gehien estutu zituen bikoa, baina azkenerako hauek ere etsi egin behar izan zuten, baina lehen aldiz bigarren postua eskuratu ahal izan zuten, eta hori bera ere ez zen batere emaitza txarra, nahiz eta argi utzi duten hemendik aurrera txapelaren lehian sartzeko ere prest daudela, eta datozen urteetan beraiek ere oso kontuan hartu beharrekoak direla.

Jende ugari batu zen Igantziko pilotalekura, bertan jokatu baitzen finala. Bikote bakoitzak, hasteko, 60 ontzako enbor bati bost epai eman behar izan zizkion enborra etzanda jarrita; ondoren, kana-erdiko enborra zutik jarri eta sei epai eman behar izan zizkioten, eta jarraian, tamaina bereko enborrari, baina etzanda jarrita beste sei epai, eta azkenik 60 ontzakoa etzanda jarrita bost epai.

Iraizozko anaiek hastapenetik hartu zuten aurre, lehen epaietan Rezabal eta Roteta gainean izan zituzten, baina abiada handian abiatu ziren, eta apurka-apurka tartea zabaltzen joan ziren. Une batez finaleko errekorra ere lor zezaketela ematen zuen, baina azkenean hiru segundogatik ez zuten Esnaola anaiek bere garaian ezarri zuten denbora hobetzeko modurik izan. Bukaeran pozik ziren, baina errekorra horren gertu izanda, ez lortzeak amorru pixka bat ere eman zien.

Hortik gibelera ere ez zen aparteko emoziorik izan, ez behintzat podiuma osatzeko. Rezabal eta Rotetak ere lan ona egin zuten, eta Barberena anaiak harrapatzerik ez zutela ikusita, bigarren postua jo zuten helburutzat, eta horretarako nahikoa tartea bazuten Lasaga-Galarregirekiko, eta hortxe amaitu zuten, bigarren postu horretan.

Lasaga-Galarregi izan ziren hirugarrenak, eta podiumeko azkeneko eskailera zapaldu zutenak, nahiz eta azkenerako beste bi bikote ere nahikoa gertu izan zituzten, hirugarren postuari eusteko modua egin zuten, eta amaieran podiumean amaitu zuten.

Laugarren posturako bai izan zela lehia eta borroka. Lasaga-Galarregi ere gertu izan arren, ezin izan zituzten harrapatu eta Pikabea-Morrondo eta Iraola-Garmendia bikoak elkarrengandik oso gertu ibili ziren, ia azkenera arte ezin izan zen jakin nork eramango zuen laugarren postu hori, baina azkenean nafarrek -Pikabea-Morrondo-, lau segundoko tartea kendu zieten gipuzkoarrei -Iraola-Garmendia-, eta haientzat izan zen laugarren postua, eta Baliarraingoarentzat eta Ikaztegietakoarentzat, bosgarrena

Sailkapenaren azkeneko postuan, berriz, Lopez eta Velez de Mendizabal sailkatu ziren, eta besteengandik oso aparte, gainera. Ez zuten bere egunik onena izan, baina hori hasi aitzinetik. Bidean zihoazela, autoarekin arazoak izan zituzten, eta oren erdi bat beranduago heldu ziren. Urduritasun horrek guztiak eragina egin zien arabarrei, eta saioan zehar ez zuten eman dakiten guztia, eta amaieran azkeneko postuan geratu ziren, besteengandik nahiko aparte. Trontzalariek era guztietako trontzak erabili ahal izan zituzten.

emozioa

Finalak berak ez zuen izan aparteko emoziorik, lehen bi postuak berehala erabaki baitziren. Zalantzarik handienak laugarren postuan zein geratuko zen jakitean egon zen, besteak nahikoa garbi ikustekoak baitziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo