GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA

Nazabalek txapelak pilatzen jarraitzen du

p044_f02_111x111.jpg

J.L.

Floren Nazabalek ez zuen hutsik egin, eta berriro ere txapela jantzi zuen atzo, Nafarroakoa lortu baitzuen, eta aparteko arazorik gabe, gainera, erabateko nagusitasuna erakutsita.

Jende asko batu zen Etxarrin finala zuzenean ikusteko asmoarekin. Bertan, orain dela aste bat Uharten jokatu zen kanporaketako bost onenak lehiatu ziren. Bakoitzak lau kana-erdiko, beste horrenbeste 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen.

Finalak emozio handiegirik ez zuen izan, Etxarriko txapeldunak hastapenetik erakutsi baitzuen zein zen faboritoa, eta berehala hasi zen aldeak ateratzen. Lopez bakarrik izan zen berari eutsi ziona, hortik gibelera tarte zabalak ireki baitziren, eta amaieran Florenek nahiko garaipen erosoa lortu zuen, aparteko estutasunik gabe eskuratu baitzuen garaipena.

Bigarren posturako ere ez zen emoziorik izan. Lopez ahalegindu zen Nazabal estutzen, baina hori ezinezkoa egin zitzaion, eta bigarren postua lasai hartu zuen, atzetik Donato Larretxea nahikoa aparte baitzuen. Hori bai, saiatu zen txapelduna estutzen, eta ez zen oso aparte ere geratu, baina Nazabalek nahi bezala eraman zuen finala, eta Lezaungoarentzat bigarren postua ona izan zen, gauzak ongi joanda, gainerakoek bai bazekiten lehen postu hori lortzea ia ezinezkoa izango zela.

Donato Larretxeak eskuratu zuen hirugarren postua. Erdibidean geratu zen, aurrekoek ihes egin zioten, eta atzekoak aparte zituen, eta bere lana egitera joan zen, eta hirugarrengoarekin konformatu zen.

Laugarren geratu zen Senosian. Olaguekoa konforme zen finalean sartuta, eta honek ere ia hasieratik hartu zuen laugarren postua, eta aurrekoek ihes eginda, bere lana egitera joan zen, eta lasai amaitu zituen bere eginbeharrak.

Gazteenak, eta berrienak, Ohian Larretxeak, alegia, amaitu zuen azken postuan. Larretxearen semeak lehen aldia zuen halako final batean, eta ahalik eta lanik txukunena egin eta eskarmentua hartzea zen Berako gaztearen nahia, eta horixe egin zuen. Atzokoan sailkapenak ez zuen beretzat horrenbesteko garrantzirik, helburua, finalean izatea, lortuta baitzuen. Atzoko bitxikeria, Larretxea aita eta semea final batean ikustea izan zen, goi mailan ez baita ohikoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo