GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Bertsulari Xapelketa

Eneritz zabaletak jo zituen kanpaiak Saran

Eneritz Zabaleta baionarrak irabazi zuen Bertsulari Xapelketako azken kanporaketa. Mixel Airek lortu zuen bigarren postua eta kantatzeko manera goxoarekin nehoiz baino gehiago ohoratu zuen bere aita «Xalbador». Finalerdietan arituko diren bertsolarien izenak izkiriatu dira Luhuso eta Gabadiko herri-liburuetan.

p056_f01_199x124.jpg

Sarak badu berezko magia, xarma bezainbat misterio, eta erromantizismo kultural handia. Izan liteke, aski ezagunak diren leizeek tindatu dutela euskal mitologiaren kolorez, eta hor Joxemiel Barandiaran letra handiz ageri da; izan liteke ere XVII. mendeko euskal literaturaren oinarria hango eskolak ispilatu izana, eta hor Pedro Agerre Axular izanen da nahitaezko igarobidea. Sarako San Martin elizako apaiza zen Axular, «Gero» liburuaren idazlea, orain, eliza horretako kanpandorrean ahapaldi ezagun bat ageri da: «Oren guziek dute gizona kolpatzen». Azkenekoak du hobirat egortzen.

Eta iragan larunbatean, ezkilen hotsa entzun eta ia memento berean hasi zen bertso saioa elizatik hurbil dagoen Lur Berri aretoan. Bazirudien gizakia kolpatzeko baino, herrian gertatzen ari zen ikuskizun kulturala iragartzeko jotzen zutela kanpaiek, garaiko Sarak euskal kulturan ukan zuen entzuteak segida bazuela haizaratzeko. Edota sinpleki, mugaldeko kontrabandoaren hiriburuan kantuz ideien kontrabandoa egin daitekeela anuntziatzeko. Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketako azken kanporaketa jokatzen zen Lapurdiko herri tipian, eta bertsozaleek aretoa mukuru bete zuten.

Oren eta erdiz koblak sortzen aritu ondotik Eneritz Zabaletak lortu zuen lehen postua, hasi eta buka, bere kantu kideak baino koska bat gorago agertu zen, bere buruaz segur, zalearen aitzinean eroso eta ironia eta umore ukituak parada zuen aldioro eskainiaz. Heldutasuna agertu zuen bertsoak josteko tenorean, eta bistan da hiru herrialde hauetako bertsogintzaren lehen lerrora heldu dela.

Xalbadorren semea

Mixel Aire izan zen bigarren, eta honek ere finalerdietan aritzeko txartela eskuratu zuen. Txapelketa hasi aitzin, berak parte har zezan anitz jendek nahi zuela erran zuen, baina bazirela nahi ez zutenak ere, honela, nahi zutenei plazer egiteko eta nahi ez zutenei kontra egitearren murgildu omen zen txapelketaren magalera; hizketaldi berean aitortzen zuen bertsotan ez zuela nehoiz merezi ukan aita zenaren izena, Xalbador alegia, baina larunbatean bati baino gehiagori ekarri zigun gogora aitaren samurtasun eta sakontasuna; bere kantatzeko manera bertsolaritza klasikoaren baitan oinarritzen du Mixelek, ofizio lagunari entzun eta erantzunaz, eta barneko sentimenduak plazaratzeko aukera profitatu zuen hunkidura memento anitz sorraraziz, azken agurra da horren guztiaren erakusle: «Nik ere ez dut hain segur hamarrekorik egin/Bainan bai ordea hartu zuekilan atsegin/Ta zuengana nahi nuke esker beronekin jin/eta berriz behar balitz entsea nindaike fin/Gazte hauekilan ere gaur bezalatsu berdin/ Ez bainaiz hain gaizki egon gazte maite hauekin».

Ekhi Erremundegi izan zen hirugarren, eta akats nabarmenak eginagatik bertso ikusgarriak ere eskaini zituen, bat-bateko ateraldi bikainak. Maindi Muruaren akats bakarra halako saioetan eskarmentu falta ukaitea izan zen, goxo eta bitxiki arrazoi ederrak plazaratu baitzituen. Xan Alkhati buruz zer erran... hain du kantaera polita, hain proposamen distiratsuak... domaia dela eginiko potoek bi urtez luzatzea bertsolari hau entzuteko aukera! Seigarren egin zuen Bixente Luku saioko gazteena zen 18 urterekin, eta erakutsi zuen fintasunarekin, bere bertsogintzako bidea umorez josiko duela agertu zuen.

Horrenbestez, honela gelditu dira finalerdiak: Luhuson, urriaren 16an, Amets Arzallus, Odei Barroso, Xumai Murua, Eneritz Zabaleta, Gillen Hiribarren eta Ekhi Erremundegi arituko dira. Gabadin, urriaren 23an, Sustrai Colina, Miren Artetxe, Mixel Aire, Patxi Iriart, Ximun Cazaubon eta Joanes Etxebarria.

Zuraide ETCHEMENDY

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo