GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KILOMETROAK 2010

Jai arrakastatsuaren ondoren, Lezon ikastola izango dute urtebete barru

Erabateko arrakastaz hitz egin zuten jaiaren antolatzaileek. Aurreikuspen guztiak betez, tren zerbitzuak zein aparkalekuak lepo bete ziren; guneetan ere jangairik gabe geratu arte aritu ziren lanean. «Hona Bostekoa!» lelopean ospatu zen Kilometroak jaiari esker, Lezon ikastolaren eraikin berria egin ahal izango dute. Pozarren agertu zen Haritz Salaberria alkatea, herriko txikienek ikastolara joateko laster ez dutela-eta herritik irten beharrik izango.

p005_f0197445.jpg

Janire ARRONDO | LEZO

Euskaltzaleek bostekoa eman diote euskarari. Bostekoa euskal kulturari, hezkuntzari eta Lezoko ikastolari. «Hona bostekoa» lelopean, bost gune eta bost helburu zituen aurtengo Pasaia-Lezo Lizeoak antolaturiko Kilometroak jaiak. Euskal Herriko txoko guztietatik gerturatu zen jendea; hitza, berba edo elea bakoitzak berea ahotan hartuta, euskarak busti zuen Lezoko jaia.

Bazkalondoan egindako lehen balorazioaren ondoren, antolatzaileek «arrakasta» hitza zuten ahotan. Arrakasta, letra larriz. Inguratu ziren guztiei eskerrak emateaz gain, lanean aritu ziren boluntarioei «merezitako errekonozimendua» eman nahi izan zieten.

Irrintzi eta adar soinu artean, 9.30ean, puntu-puntuan eman zioten hasiera 2010eko Kilometroak festa erraldoiari. Herri eta instituzioetako agintarien ekitaldia euskal hezkuntzaren aldeko mezuez gain, bestelako aldarriz beteta iritsi zen. Lezoko alkate Haritz Salaberriak azpimarratu zuen Lezon ikastolaren eraikin propioa izateko garrantzia. Hain justu, aurtengo Kilometroak jaiaren helburuetako bat horixe izango da, Lezon eraikin berria egitea. «Jo eta su aritu gara lanean, momentu on eta txarrekin. Baina, lezoarrentzat aukera bikaina da honakoa hemendik urtebetera haur txikiek ez baitute ikastolarako beste herri batera joan beharrik izango», zioen Salaberriak.

Hala, Lezora hurbildutako guztiei ongietorria eman zien alkateak, baina, Pasaia eta Lezo ingururako martxan dan kanpo portuaren proiektuak ere hartu zuen protagonismoa. «Gure altxorrak diren euskara eta ikastola jarri ditugu aitzakia hona gerturatzeko, baina, ibilbidean buelta bat ematean, gure beste altxor bat ezagutuko duzue: gure ingurunea». Hala, portuaren proiektuak altxor horiek arriskuan jartzen dituela salatu zuen Salaberriak. Txaloz hartu zituzten harreran bildutakoek alkatearen hitzak; Markel Olanok ez, ez zuen txalorik egin. Ahaldun nagusiak, ikastolek euskal hezkuntza sisteman duten garrantzia azpimarragarria dela esan zuen, eta «beharrezkotzat» jo zituen. Pasaiako alkate Maider Zigandak, berriz, Udalbiltzako auzipetuen aldeko hitzak izan zituen eta, manifestazioen debekuak zein atxilotuen torturak salatu zituen. Ahaldun nagusiaren aurrean, Aldundian ez daudela gipuzkoar guztiak ordezkatuta salatu zuen.

Euskaltzaleak protagonista

Saldisen izandako ekitaldi ofizialekin, agintarien txanda amaitu, eta Lezon bildu ziren milaka lagunek hartu zuten protagonismoa. Ibilbideko txoko guztietan, aurtengo Kilometroak jaietako abestia. Entzun gabe zuenak ere, inor baldin bazen behintzat, segituan hartuko zuen ahotan doinua, «Hona bostekoa, ona! euskara babesteko eta euskaraz jolasteko...».

Dantza, musika, magia eta pailazoen emanaldiek busti zuten atzo ibilbidea. Goizeko hamarretatik aurrera jendea uholdeka ari zen gerturatzen Lezo aldera. Dozenaka mila izan ziren trenez iritsi zirenak, eta auto zein autobusentzako prestatutako aparkalekuek ere gainezka egin zuten. Lehen gunean bezperatik burruntzian jarria zuten txekor errearen usaina urrutitik hartzen zen, eta bazkaltzeko plana orduantxe erabakiko zuen batek baino gehiagok.

Algeposa gunean, berriz, The lirium temen(do)s taldearen rock kontzertuarekin eman zioten hasiera egunari. Eguerdirako falta zen arren, sukaldeak martxan zeuden, hirugihar edo solomo ogitartekoak eta sagardo botilak eskutik eskura zebiltzan dagoeneko. Darietako bigarren gune alderantz ekin zion ibilbideari Lezoko fanfarreak hasiera ofizialaren ondoren, eta jende andana abiatu zen atzetik. Euri tanta potoloek eguna umeltzeko saiakera egin bazuten ere, euskararen jaiari enbarazu handirik ez zioten egin hodeiek.

Jaizkibel zaindari zela, Pasaiako badia eta Lezorantzako paraje ederrak ikusiz ibilbide atsegina zain zuten festara inguratu ziren milaka lagunek. Gazteenek hartua zuten ingurua, Des-kontrol talde arrasatearraren kontzertuaren zain; taldekide bat gaixo zen eta ez zuten jotzerik izan, ordea. Hala ere, aitzakiarik ez zen falta, eta eguerdian taula gaina hartu zuten Ze esatek taldearen doinuekin lehertu zen festa. Txan Magoak ere aho zabalik utzi zituen haurrak eta helduxeagoak. Zapi gorri eta berdeak aurrera eta atzera, esku jokoekin buruhauste bat baino gehiago eragin zuen magoak. Eguerditik aurrera berriz, gustu guztien neurrira prestatutako kontzertuak ziren aukeran, Gose, Betagarri, Anje Duhalde, Gozategi edo Esne Beltza, tartean.

Nabarmentzekoa izan zen, bestalde, aparkalekuetan edo guneetan antolatzaile lanetan zebiltzanen lana, baita, garbiketan zebiltzanena ere. Ibilbide bazterrak zein komunak txukun izate aldera, etengabe aritu ziren garbitze lanetan. Egunaren aurpegi iluna, berriz, osasun arreta puntuetan eta Lezoko anbulatorioan izan zuten, gehiegizko alkohol kontsumoagatik dozenaka artatu zituzten-eta.

arrakasta

Goizeko hamarretatik eguerdira bitarte, tren zerbitzua jendez lepo zebilen. Halaber, bazkaritarako prestatutako lekuak gainezka egon ziren eta guneetan jangaiak amaitu ziren.

2.550

haragi

razio. Lezoko plazan bezperatik jarria zuten txekorra burruntzian erretzen. Eguerdirako, ilara luzeak egin ziren handik pintxoak dastatzeko. Zatika-zatika guztia amaitu arte jan zuen jendeak.

53.000

baso

berrerabilgarri. Zirkuitu osoan jarri zituzten taberna eta jantokietan baso berrerabilgarriez baliatu ziren. Ingurumenaren aldeko keinua eta bazterrak garbiago izateko ahalegina egin zuten horrela.

1.600

boluntario

lanean. Urte osoan zehar antolatu diren ekitaldietan, jende ugari aritu da lanean. Atzo, egunean bertan, 1.600 boluntario aritu ziren antolatzen, aparkalekuak zaintzen edo garbitzen.

boluntarioak

Jaiaren antolatzaileek esker ona agertu zieten lanean aritu ziren boluntarioei. Deigarria izan zen ibilbideko eta komunetako garbitasuna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo