KILOMETROAK 2010
«Gaur egun, zoritxarrez, beharrezkoak ditugu Kilometroak eta gisako jaiak»
Agustina Pontesta (Lezo, 1950) 1969an hasi zen Lezoko ikastolan irakasle, eta iaz hartu zuen erretiroa. Maiatzean «Lezoko ikastolaren sustraiak» liburua aurkeztu zuen, lanerako grinaz jarraitzen zuen seinale. Liburuan, XIX. mendeaz geroztik Lezon euskarazko irakaskuntzan emandako lehen pausoak jasotzen ditu. Hasierako izpiritua gaur egun oraindik bizirik dagoela dio berak.
«Lezoko ikastolaren sustraiak» liburua plazaratu duzu. Nola otu zitzaizun liburu bat egiteko ideia?
Bailara guztian ikastola txiki ugari ditugu, eta Lezon hainbeste ume sortzen ez denez ez genuen ikastolarik. Biltzen hasi ginen ikastola sortzeko asmoz, eta orduan ohartu nintzen jendeak ez dakiela lehen hemen ikastola izan zela. Guraso haiek egin zuten lanarekin, horrek nonbait agertu behar zuen. Lekukotzak jasotzen hasi eta hala osatu nuen liburua. Herri guztiaren lana da, jende askoren laguntzarekin egin dut.
Nolakoa izan zen Lezoko ikastolaren sorrera?
Irakaskuntza euskaraz izateko grina zegoen hemen aspaldidanik. XX. mende hasieran Resurreccion Maria Azkue, beste hainbatekin batera, Bilbon ikastolak sortzen hasi zen. 1916an, berriz, Eusko Ikaskuntza sortu zuten, eta ikastolak erakundetzen hasi ziren. Garai hartan, nire amak esaterako, katekesia emakume batekin euskaraz ikasten zuten. Inguruko euskaltzale gehienak pasa ziren Agustina Lizarazuren eskoletatik. Hemen, lehen ikastola Miren Gezalak ireki zuen, euskaraz irakasten zuen eta pertsona ikasia zen.
Baina mugimendu horrek 36ko gerrarekin geldialdia izango zuen...
Bai, gerrak hura guztia eten zuen. Hala ere, 1944an berpizte aldi bat izan zen Elbira Zipitriarekin. Gerra aurreko asmoarekin jarraitu zuen berak. Frantzian ibilia zen, eta berrikuntzak ekarri zituen. Funtsezkoa izan zen haren lana, pedagogia ikuspegitik eredu berriak aplikatu zituen. Ikasle eta irakaslearen arteko lotura estua egin zuen. Neskak eta mutilak elkarrekin jarri zituen eta heziketa laikoa ematen zuen. Erlijioarekin eztabaida handiak izan zituen eta 60ko hamarkadarako eliza egin zen ikastolaren kargu.
60ko hamarkada amaieran iritsi zinen zu ikastolara, ezta?
1969an hasi nintzen irakasle bezala, baina, bi urte lehenagotik prestatzen aritu nintzen lan horretarako. Titulua beharrezkoa zen.
Nola gogoratzen dituzu hasiera haiek?
Oso urte aberasgarriak izan ziren. Ni bost urteko txikiekin aritzen nintzen, irakurtzen eta idazten irakasten genuen. Herritarren laguntza izugarria genuen, gurasoek zuten guztia ematen ziguten. Irakasle lanaz gain, ikastolako beste hamaika lan egin behar izaten genituen. Gurasoen inplikazioa ere izugarria izaten zen. Ikastolan bilerak egiten gelditzen ginenean, argia ikusi eta afaria ekartzera etortzen ziren gurasoak.
Oroitzen naiz, egun batean ume baten aitonak azeri bat hil eta ikastolara ekarri zuela, izugarrizko lanak egin genituen harekin eta asko ikasi genuen.
Urteak joan ahala zertan edo nola aldatu da ikastola?
Nahiz eta asko aldatu den, garai hartako izpiritua mantentzen du. Ezberdina da, hala ere, gaur egun material izugarria dago. Garai hartan material guztiak guk egiten genituen. Izugarrizko lana izaten genuen, baina, lan polita izaten zen.
Buru-belarri ibili zara lanean Kilometroak jaia dela-eta. Oraindik beharrezkoak al dira horrelako jaiak?
Nire ustez, oraindik zoritxarrez beharrezko ditugu horrelakoak. Gure euskalduntasuna, euskara eta euskal kultura zalantzan ditugu. Orain gainera, liburu pedagogikoak liburu politiko bihurtu dituzte. Oraindik lan ikaragarria dugu euskal hezkuntzan J. ARRONDO