GARA > Idatzia > Ekonomia

Eroskik datozen hilabeteotan prezioak merkatzeko estrategiari helduko diola esan du

GARA | GASTEIZ

Eroski taldeak prezioan egiten duen inbertsioa sendotuko du datorren urtarrilean, bere urte fiskalaren bigarren seihilekoan. Inbertsio hori orekatzeko, barne gastuak murriztuz lortu dituen baliabideak erabiliko ditu.

Urte fiskalaren lehen sei hilabeteetan merkataritza estrategia suspertu zuen Eroskik, elikagaien eta produktu freskoen prezioak txikituz. Murrizketa hori, gutxi gorabehera, 20 milioi euroren parekoa izan zen.

Balioen Merkatuko Estatuko Batzordeari (CNMV) bidalitako txostenean enpresak azaltzen duenez, urteko bigarren zatian merkataritza eta finantza politika horiei helduko die, eta kontsumoak ahul jarraituko balu, areagotzeko prest dago.

«Lehiarako jarrera mantentzea ezinbestekoa da eta horretarako salmentako prezioetan inbertsioa sendotuko dugu, barne gastuetan aurreztutakoa erabiliz», adierazi zuen Eroskik agiri horretan.

Lehenengo seihilekoan Eroski taldeak bere zenbaki gorriak gutxitzea lortu zuen. Izan ere, galera %20,4 murriztu zuen, guztira, 40,75 milioi eurokoa izan zelarik. Enpresak emaitza hori nabarmendu egin zuen, «inguru ekonomiko oso larrian» lortu duelako, eta familien kontsumoa geldotzeak eragin handia izan duelako enpresaren jardueran.

Emaitzak

Gauzak horrela, diru-sarrera arruntak 3.673 milioi eurokoak izan ziren lehenengo seihilekoan (otsailaren 1etik uztailaren 31ra arte). Aurreko urteko epe berdinean baino %1,05 gutxiago.

Finantza gastuak eta zergak baino lehen, Eroskik 50,04 milioi euroko irabazia zuen, horrekin 2009. urteko lehenengo seihilekoan lortu zuena -6,45 milioi euro- hobetuz.

Enpresak nabarmendu zuen emaitza horiek erakusten dutela errentagarritasuna berreskuratzen ari dela.

Hala ere, eta bankuekin duen zorrak bilakaera positiboa izan badu ere, onartu zuen finantza gastuak oraindik «zama handia» direla bere kontuetan. Horregatik, zerga baino lehen, 34 milioikoak ziren galerak, aurreko urteko epe berdinean baino %50 gutxiago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo